Has elegido la edición de . Verás las noticias de esta portada en el módulo de ediciones locales de la home de elDiario.es.

Hamar keinu aldaketa klimatikoari aurre egiteko

Alba Díaz de Sarralde

Adituen arabera, planeta inoiz baino arinago ari da berotzen. XIX. mende amaieratik batez besteko tenperaturak 1º C egin du gora lurrazalean, giza jardueraren eta berotegi-efektuko gas isurketen ondorioz. Gizakiok errua badugu ere, aurreko egoera hau geldiarazteko gakoa gure esku dago.

Euskadik badu estrategia zehatza, 'Klima 2050' deritzona. Lurraldean gas-isurketak % 80 murriztea du xedea. Ildo horretan, pertsona ororen ohiturak aldatzeko asmotan, aldaketa klimatikoari aurre egiteko, '52 keinu aldaketa klimatikoaren aurka' izeneko gida argitaratu du Eusko Jaurlaritzak.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, Ihobek, egindako lana Madrilen aurkeztu du asteazken honetan, Ingurumenari buruzko Kongresu Nazionalean. Bertan ageri diren 52 ekintzak bost mailatan daude sailkatuta, zailtasunaren eta ingurumenean daukaten eraginaren arabera. Horra hor guztion eskura dauden hamar keinuak, Ihoberen hitzetzan, “ez dugu B planik, ez dugulako B planetarik” izango.

1. Etiketa energetikoekin erne

Elektrizitate-kontsumoaren % 45 baino gehiago etxetresna elektrikoek kontsumitzen dute. Hauek erosterakoan erantsita duten etiketa energetikoa begiratzea dugu: 'A' etiketa dutenak erosita, gutxiago kontsumitzen duten gailuak eskuratuko ditugu. Gainera, 'A+', 'A++' edo 'A+++' direnak are efizienteagoak dira. Adibidez, 'A+++' hozkailu baten kontsumoa 26 eurokoa da urteko, 'A'-rena 69 eurokoa den bitartean. Ahalegin txikia izan arren, 4. mailako eragina dauka ingurumenean, gidaren arabera.

Ildo horretatik, beste neurri bat ere proposatzen du Ihoberen gidak: etxebizitzen ziurtagiri energetikoari erreparatzea. Erosterakoan edo alokatzerakoan ezinbestekoa da bizilekuaren datuak ematea; ziurtagiri horretan adierazten da etxeak isurtzen duen CO2 maila. Hau da, etxebizitek ere badute etiketa energetikoa: 'A' letra dutenek 'G' letra dutenek baino % 86 energia gutxiago kontsumi dezakete. Erabaki horrek 5. mailako eragina izango luke.

2. Kontserba-latak: edukiontzi horira

Zaborra era egoki batera kudeatuz ere sahiestu daitezke beharrezkoak ez diren CO2 isurketak. Nahiz eta kontsumoa murriztea ezinbestekoa izan, birziklatzeak ekarri beharko luke eratutako hondakinak amaitzea. Hala ere, hainbat personak zalantzak dituzte zaborra sailkatzerakoan. Horrela, birziklatze-edukiontzi guztien artetik, horira iristen dira oker sailkatutako hondakin gehienak.

Kontserba-laten ekoizpena da energia-kontsumo gehien behar duen prozesu industriala. Lata bat edukiontzi horian utzita, beste baten ekoizpenerako behar den energiaren % 90 aurreztu daiteke. Bertara botatzekoak dira beste hainbat material: plastikoa, metalezko ontziak, aluminiozko papera edo brick-ontziak. Keinu erraza da, 2. mailako eragina duena: freskagarri lata bat ekoizteko behar den energiarekin telebista bi orduz piztuta mantendu genezake.

3. Iturriko ura: edo hotza, edo beroa

Gaur egun ia txorrota-kirten guztiak bakarrak dira; lehen, ordea, bi egotea ohikoa zen: bat ur hotzekoa, bestea ur berokoa. Era horretan, hortzak garbitzean edo ur edalontzia betetzean ur hotzaren kirtenari eragiten genion. Gaur egun, kirten bakarra izanda, hau askotan erdian geratzen da, eta ondorioz, ur beroa beharrik gabe erabilitzen dugu.

Askotan ur epela ateratzen da behar ez dugunean, kirtena erdian dagoelako. Berogailuaren ondoren, ur berotan kontsumitzen dugu etxeko energia gehiena; etxeko CO2 isurketen % 20 hain zuzen ere. Keinu egokia litzateke, hortzak garbitu edo bizarra egin bitartean txorrota ixteaz gain, ur beroa beharrezkoa denean bakarrik erabiltzea; ur beroa eskatzen dugun bakoitzean, galdara jartzen da martxan, eta piztu eta itzali horrek kontsumo handia suposatzen du.

4. Labea bost minutu lehenago itzali

Demagun oilasko errea prestatzen ari garela. Labean sartu, ordu pare bat bertan utzi eta prest daukagu janaria. Labea itzali eta atea irekitakoan, bero handia nabarituko dugu aurpegian; minutu batzuk pasata, ere.

Itzalita ere, labeak bere kasa lanean arituko da bost minutuz itzali eta gero. Elektrizitatea kontsumituz berotu da, eta hondar-beroa nahikoa litzateke prozesua amaitzeko eta energia alferrik ez galtzeko. Labea energia dexente behar duen tresna da, beraz era eraginkorrean erabiltzeko moduak bilatu behar ditugu. Adibidez, erabiltzen dugun bakoitzean ondo bete edo atea une oro itxita izan; irekitzen dugun bakoitzean, barruan metaturiko energiaren % 20 gutxienez galtzen da.

5. Haragia, neurriz

Negutegi-efektuko gasen isurketa guztietatik, ia % 15 abeltzaintzak sortzen du; 2016an, 20 haragiki- eta esneki-enpresa handienek Alemania osoak baino negutegi gas gehiago isuri zuten. Herrialde bat balira, enpresa horiek munduko zazpigarren negutegi-gas isurtzailerik handiena lirateke.

Haragia ekoizteak CO2 eta metano kantitate handiak sortzen ditu, uraren erabilera intentsiboa egiteaz gain. Haragi gorria neurrian janez, ingurumenari eta osasunari mesedea egingo diogu. Gainera, erosterakoan, Euskadin ekoiztua dela ziurtatu; horrela eginda, garraioan sortutako poluzioa sahiestu eta bertako abeltzaintza eta baserriak sustatuko ditugu.

6. Bertako produktuak erosi

Aurrekoari helduz, elikagaien jatorriari erreparatuz ingurumenaren aldeko pausua emanen da. Tokian tokiko produktuak kontsumituz, kutsadura-gas gutxiago isuriko dira garraioan. Elikagaiak hegazkinez badatoz, 1.700 bider CO2 gehiago isuriko da kamioiez 50 kilometrotara eramanda baino. Gainera, hurbileko dendetan erosiz, zuk zeuk sahiestuko duzu isurketa hori, kotxea etxean utzita. Tokiko merkataritza sustatuko duzu, aurrekoaz gain, eta komertzio txikiak bultzatzeko aukera izango duzu.

7. Behin erabiltzekoa den baxera erabiltzeari utzi

Botatzeko ontziak erosoak dira etxetik kanpoko bazkarietan: ez dira garbitu behar, ezta bueltan etxera eraman ere. Baina plastikozkoak direnak erabiliz gero, munduko arazo larrienetako bat elikatu egingo dugu: petrolio guztiaren % 6 plastikoa sortzeko erabiltzen da, Europan urtean 25 milioi tona plastiko hondakin sortzen dira eta horren apenas % 30 birziklatzen da. Baxera berrerabilgarria erabiliz, kontsumo hori murriztuko dugu.

Keinu honi lotuta, plastikozko poltsekin badago zer eginik. Aurrepausuak eman dira, dagoeneko poltsa bakoitza ordaindu beharra baitago. Erosketak egiterakoan berrerabilgarriak direnak hautatuz, plastikoa murrizten lagunduko dugu parte. Izan ere, Bizkaiko Golkoko itsas-txorien artean, %10-15ek badu plastikoa urdailean, eta hondakinak irla izugarriak sortzen ari dira ozeanoetan.

8. Kontuz: banpiro elektrikoak!

Etxean edo lanean baditugu konektaturiko hainbat tresna elektriko eta elektroniko. Horiek energia xurgatzen jarraitzen dute, 'stand by'-n edo itzalita daudenean entxufatuta badaude. Lapur etengailudunak dira irtenbidea: hartara konektatuta dauden tresna guztiak deskonektatuko dira hura itzaliz gero, eta energia asko aurreztuko. Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, lanpostu batean urtean 8.000 kWh-ko energia-kontsumoa izaten da, eta lau bat tona CO2 ingurumenera isuri. Hiru hektarea baso behar dira CO2 hori guztia xurgatzeko.

9. Ontzietan etiketa ekologikoak bilatu

Marka ugari ari dira karbono-isuriketak murriztearen bidean edo modu iraunkor batean ekoizten, eta horrela agertzen da islatuta saltzen duten produktuen ontzietan: EU Ecolabel, FSC, Ingurune-kudeaketa… Erosterakoan, horiei erreparatzea baino ez dugu. Hainbat etiketa ekologiko daude produktuetan hau sailkatzen den arloaren arabera. Ezagutuz gero, era arduratsu batean egingo ditugu erosketak, ingurumenaren alde lan egiten duten enpresak bultzatuz. Gainera, erosten dugunaren jatorria jakingo dugu. 4. mailako eragina du keinu honek.

10. LED bonbillen bidez zure etxea argitu

Etxeko kontsumoaren % 18 elektrizitatea da. Arlo honetan, hauturik efizienteena LED-argia da: bonbilla gori bakar batek, eros-prezioa barne, urtean 15,5 euro kostako zaigu egunero lau orduz piztuta badaukagu; bonbilla fluortrinko bat, kontsumo baxua duenak, 6,37 euro; LED bonbilla bat, ordea, 8,17 euro, baina 25.000 orduko bizitza izango du -goriek 1.000 eta fluortrinkoek 10.000 ordukoa-. LED bonbillen aldeko pausua emanez gero, etxean elektrizitate-energiaren kontsumoa % 80-90 ere murriztu daiteke.

Etiquetas
stats