Has elegido la edición de . Verás las noticias de esta portada en el módulo de ediciones locales de la home de elDiario.es.
Sobre este blog

Euskal kulturaren berri izan nahi duzu? Gure musika, festibalak, esposizio artistikoak, dantza, zinema, antzerkia, festak eta euskal folkloreari buruzko kontu guztiak 'klik' batean. Klikatu on. Klikatu kultur On.

'Macho Man', biktimen bizipenen bitartez indarkeria matxista salatzen duen antzerki-dokumentua

Macho Man instalazioaren argazkia

Maialen Ferreira

0

Indarkeria matxista salatu nahian, eta bere lanaren bitartez horren kontra “zerbait egiteko”, Álex Rigola antzerkigileak arte eszenikoa, plastikoa, psikologia eta dokumentazioa fusionatu ditu artefaktu dramaturgiko bat osatzeko, Macho Man, non ikusleek, indarkeria matxistaren espazio desberdinetatik mugitzeko aukera izango dute. Hau da, bikotearen esparrua, familia, lana, gizartea eta arlo judiziala.

Horrela, bisitariek, biktima baten ahotsaz gidatuta, 12 gelaz osatutako artefaktu dramaturgiko honen ibilbide labirintiko bat egingo dute. Artefaktua erabat beldurgarria da, erakusten duen guztia egia hutsa baita. Egiazkoak dira datuak, epaiak, adierazpenak eta egiten dizkigun galderak, eta egiazkoak dira, halaber, elkarrizketak eta kontatzen dituzten kontakizunak.

“Proiektu honekin, bide berriak bilatzen ditugu muturreko matxismoaz kontzientzia hartzeko, arte eszenikoetako, arte plastikoetako, psikologiako eta dokumentazioko jakintzak bateratuz. Ikusleak aktibatu nahi ditugu, dokumental, informazioko flyer edo erakusketak batek egingo lukeen horretatik harantz joz”, azaltzen du Àlex Rigola zuzendariak.

Hala, 50 minutu inguruko ibilbide batean, sei laguneko taldeak, gehienez, topatzen dituzten objektuekin eta gainerako parte-hartzaileekin paseatuko, irakurriko, entzungo eta elkarreraginean arituko dira, Macho Man-en publikoaren erreakzioak esperientziaren parte bihurtzen baitira ere. Instalazioko areto bakoitzak bere izaera du, eta bere interakzio-mekanismo propioa ere, beti harkor egotera behartzen duena, irudiak, sentsazioak eta bizipenak batuz, osotasun bat osatuz, gaitz horretaz jabetzeko.

Zirrarak iraultzen dituen bidaia da, ikusleak hunkitzen dituena,jendea uste genuena baino hunkituago ateratzen da“, dio Rigolak.

Macho Man-en dramaturgia kolektiboki garatu da, Ferran Dordalek, Alba Pujolek, Irene Vicente Salasek eta Àlex Rigolak berak osatutako taldearekin. Argi zuten zein izan behar zen ikuspegia: emakumeengan ardaztua, eta ez erasotzaileengan. Aretoetako batean, ikuslea genero-indarkeriaren biktimen argazkiz inguratuta dagoela, sortzen den inpaktu emozionalak argi azaltzen du erabaki hori: hor, dagoeneko ez dauden beste gorputz batzuen aurrean, enpatia berehalakoa da. Efektua desberdina izango zen borreroak erakutsiz gero. Artefaktu dramaturgiko hau martxoaren 2tik 15era bitartean ikusi ahal izango da, Bilboko Azkuna Zentroan.

Hezkuntza-esperientzia

Macho Man hezkuntza-esperientzia ere bada, eta, horregatik, ikastetxeetara zabalduko da, elkarrizketa eta hausnarketa sortzeko asmoz. Izan ere, Rigolak dioenez, indarkeria matxista gizarte-arazo larria da, desagertu egin behar dena, eta hori egiteko modurik onena hezkuntzaren bidez da. Indarkeria iraunkor eta instrumental horren datuak adierazgarriak dira. Izan ere, emakumeen heriotza-eragile bortitz nagusia da, eta emakumeentzako segurtasun-ezaren arrazoi nagusia.Indarkeria matxistaren benetako testigantzak dituen instalazioa denez, pertsona batzuen sentsibilitatea mindu dezake eta horregatik ez da gomendagarria 15 urtetik beherakoentzat.

Sobre este blog

Euskal kulturaren berri izan nahi duzu? Gure musika, festibalak, esposizio artistikoak, dantza, zinema, antzerkia, festak eta euskal folkloreari buruzko kontu guztiak 'klik' batean. Klikatu on. Klikatu kultur On.

Etiquetas
stats