eldiario.es

Síguenos:

Boletines

Boletines

Menú

Itzala

Ángel Nekaneren bizkartzaina da, Félix senar ohiarengandik babesten du

- PUBLICIDAD -
Ertzainas

Paketetxoa mahaiaren gainean dauka pelutxez, puxikez, ortzadarrez eta zaldiarrainez margotutako opari paper koloretsu batean bilduta. Ez daki oso ondo zer egin harekin. Dagoeneko ohiko protokoloa bete du, ez dela artefaktu arriskutsua egiaztatu ahal izateko. Arakatu egin du eta ez du orban koipetsurik, ez eta kable edo hari solterik ere; aztertu egin du eta ez da pisutsuegia, ez eta arinegia ere; usaindu egin du eta ez du atzeman lehergailuek ei duten almendra mingotsen usainik; belarrira ere hurbildu egin du barruan erloju baten tik-tika entzuten ote den ikusteko. Ezer ere ez. Dena zuzena dela ematen du.

Hala ere, ez da ausartzen umeari ematen. Ángel Nekaneren bizkartzaina da. Félix senar ohiarengandik babesten du; senar ohiak urruntzeko agindua dauka. Goizean, Ángelek Nekane etxean utzi duenean umeak ikastetxera eraman ondoren, Félix kalean hurreratu eta opari pakete hori eman dio umearentzat.

-Hartu, emaiozu hau nire semeari, ze ezin natzaio hurbildu ere egin, bizitza izorratu gabe- aurpegiratu dio.

Orain, paketea Ángelen sukalde mahaian dago. Lana etxean sartu zaio. Hori gertatu zaion lehenengo aldia da segurtasun pribatuko konpainia batean egindako hamabost urtetik gorako epean. Lehenago terrorismoak mehatxatutako kargu politikoen bizkartzaina izan zen. Gaitz hori amaitu zenean, kide asko lanik gabe geratu ziren. Beste batzuei mehatxatutako beste zenbait kolektibo babesteko agindu zieten. Ángelek zaintza zereginak bete ditu fabriketan, supermerkatuetan... bai eta, konpainia elektriko baten akziodunen biltzar nagusi batean ere. Auditorioko lehenengo lerroan jartzeko agindua eman zieten, euritakoekin armaturik. Modu estrategikoan ireki beharko zituzten, baten batek protestaren bat eragiten bazuen eta horren ondorioz administrazio kontseiluko kideei objekturen bat jaurtitzen bazieten. Paradoxikoa da hain jende boteretsua babestu izana aterki huts batekin; orain, ordea, neurriak zorroztu behar ditu Nekaneren moduko emakumezko xalo eta apal baten segurtasuna jagoteko.

Nekaneren bizimodua mugaturik dago oso: seme-alabak, psikologoarekiko eta gizarte zerbitzuekiko hitzorduak eta ohikoak diren epaitegietarako bisitak, eta askoz gehiagorik ez. Bai, kaferen bat hartzen du lagunekin eta noizean behin etxeren bat garbitzen du adin txikikoen ardura izateagatiko laguntza urria osatu ahal izateko. Oso bitxia da etxeko lanak egiten dituen emakumezko bati eskolta ematea. Baina, tratu txarrak jasandako emakumezkoen zaintza agindu ziotenean ohartarazi zioten hori guztia mehatxu terrorista baino arriskutsuagoa izan zitekeela. Kontuak mamia dauka, bai horixe!

Nekaneri laguntzen dionetik, arreta handiagoa jartzen du indarkeria matxistari buruzko albisteetan. Sekula ez zuen pentsatuko, baina konturatu da emakumezkoek hiltzen dituzten gizonezkoek oso sormen krudela erabil dezaketela. Labainkadaka, kolpeka, itota, erreta, txikituta, leihotik botata... Eta beti neurriz gaindiko indarkeria, hilketatik harago doana, baliatuta. Gerra batean etsaia hiltzen duzu eta kito.

Ángelek badaki hori, armadan jardun duelako. Segurtasun pribatuan jardun aurretik, zazpi urte egin zituen Legioan. Urte gogorrak. Han, gutxienez, arerioa tratatzeko kode bat dago eta, gehienetan, askoz hobea da gisa horretako morroiek beren emakumezkoei ematen dietena baino. Baina, etsaientzat zergatik dago kode hobea emakumezkoentzat baino? Beharbada, arerioak izan arren, gauza guztien gainetik gizonezkoekin gehiago identifikatzen garelako emakumezkoekin baino, gure kideak edo herrikideak izan arren.

Opari paketeak han darrai. Ángelek erabaki bat hartu behar du. Beharbada, onena irekitzea izango da eta ziurtatzea ez dela ankerkeria bat. Ez da lehenengo aldia gizonezko batek seme-alabei kalte egiten dienik bikotekide ohia mortifikatzeko. Baina, irekitzen badu, papera urratuko du. Berriro bildu beharko du. Horrek ama ekarri dio gogora, dendako eskaerak paketeetan sartzen zituenean. Garbantzuez, arrozaz edo bakailaoaz betetako paketetxoak, zatar paperean bilduta. Janari denda bat zegoen auzoan. Aitaren izena zuen, ‘Sebas etxea’, baina bertan bizitza egiten zuena ama zen.

Aitak gehienbat jarduten zuen gaur egun erlazio publikotzat hartuko genuen zereginean. Bai, goizean goiz jaikitzen zen salgaiak dendara eramateko, baina, gero, egun osoa ematen zuen inguruko tabernetan edo plazan lagunekin hizketan. Bakar-bakarrik berreskuratzen zituen ardura eta puntualtasuna kutxa batzeko orduan. Orduan, bostetako tearen moduan itzultzen zen. Dirua kontatu, amari zerbait utzi etxeko premiak estaltzeko eta gainerako zatia patrikan sartzen zuen. ‘Multzo’ gizona zen. Patrikan billete multzo ederra eramatea atsegin zuen eta ardoren bat ordaindu behar zuen bakoitzean ateratzen zuen. Boteretsu agertu nahi zuen. Den-dena gastatzen zuen bere gauzetan.

Edergura zen eta hantustea; hortaz, jantzi, alkandora eta zapata onak erosten zituen. Baina inbertsiorik gorena lagunekiko parrandetan egiten zuen. Afariak, kopak eta, ziur aski, ordaindupeko ibiliak. Batzuetan ama kexatzen zen, etxearen eta dendaren artean, lanari ezin eutsirik. Orduan hari kalekoekin zuen jendetasuna ahazten zitzaion eta aldarrika hasten zen. Esan ohi da mutilek aiten jokabideak imitatzeko joera dutela, baina Ángel zeharo sumintzen zen aita bortitz jartzen zenean amarekin.

Bai, Ángel orain konturazen zen ama ere tratu txarrak jasan zituela. Orain dela gutxira arte, harreman mota horiek ohikotzat hartzen ziren. Gaur egun amak bestelako bizimodua izan ahalko zuen. Eta, haritik pixka bat gehiago tiratuz gero, Ángelek pentsatu du berak ere tratu txarrak jasandako umea izan zela, nolabait. Ez garai hartan behar baino gehiago jotzen zutelako, baizik eta egun batean, hamabost urte zituenean, familia barruko eztabaida klasikoetariko batean sartu eta aitari aurre egin ziolako. Biharamunean, etxeko atetik irten eta ez zen gehiago itzuli.

Horrek Legiora eraman zuen. Bi urtez kalerik kale jardun eta bizimodu kaxkarra izan ondoren, Legioa irtenbide garbi gisa ikusi zuen, bizitzarako aukerez betea. Ez zuen astirik ere izan jakiteko, benetan, gustatzen zitzaiona arkitektura zela; ordurako Almeriako basamortuko zelai idorretan ziharduen, besoetan cetme mitoa eutsita eramaten zuelarik. Horixe izan zen haren gaztaroa.

Antzeko paper koleratsua bilatzen ahalegin zitekeen eta kito. Azken batean, umeak ez daki nolakoa den originala eta, edozein kasutan, bost segundo baino ez du iraungo. Suposatzen da interesatu behar zaiona barruan dagoela. Umeak Jimmy du izena eta bost urte ditu. Lucíak hiru ditu. Ez du ondo ulertzen gizon horrek zergatik laguntzen dien, baina, orain, aita baten antzekoena da. Azken batean, haiei eta amari begira egoten da betiere.

Horregatik, Ángelek ziurtatu nahi du oparia ondo bilduta egongo dela. Aita baten opariaren antza izan behar du. Paketearen zeloa urratu du kuter baten xafla batez. Zehatz aztertua ere, ez da edukiarekin fidatzen. Félix delakoak ez dio usain onik ematen. Egia esan, ez zion utzi behar izan hurbiltzen. Ausarkeria hori emazte ohiaren mugimenduen gainean duen kontrolaren mezu argia da. Zeloa kentzean, paper koloretsua esku baten gisa zabaldu da eta horrek barnean duena ikustea ahalbidetzen du.

Batzuetan, Ángelek bere autoan eraman du Nekane. Berak ez du gida baimenik; beraz, erosketak egin nahi baditu merkataritza zentro handi batean edo antzeko lekuren batean, joateko eskaintza egin eta eramaten du. Egun batean denak eraman zituen txangoan hondartzara. Ez zuen halakorik egin behar izan, hondartza baita babesik txikiena eman dezakeen lekuetariko bat. Nekeza da arauzko arma bat ezkutatzea ia biluzik dagoen jendez betetako toki batean. Baina aspaldi ez zuten itsasoa ikusten. Ederto pasatu zuten; bien bitartean, Ángelek zelatan ziharduen kafetegirik hurbilenetik.

Harentzat, arratsalderik tentsuenetariko bat izan zen. Itzultzean, Lucía neka-neka eginda erori zen atzeko jesarlekuaren kontra; mutilak, ostera, zerbait kantatzeko ahaleginak egin zituen ingelesa imitatuz. Barregarria zen, eta ikus zitekeen belarri ona zuela txotxo horrek. Amari mugikorrak jo zion. Lagun batek deitu zion. Bazirudien konbentzitu nahi zuela Félixi beste aukera bat emateko. Nekane oso baxu ari zen hizketan. Ez zuen nahi haurrek entzutea, baina marmarren artean Ángelek zalantzetariko batzuk aditu zituen.

-Bai, bai, nik ere pentsatzen dut banandu nintzenetik penagarri gaudela. Badakit ez dugula ezer egiteko dirurik, lehen bezain beldur naizela edo beldurrago... baina ezin dut atzera egin. Nigatik eta seme-alabengatik. Batez ere nire alabagatik.

Ángeli deigarri egin zitzaion alabari buruzko aipamena eta, eskegi zuenean, galdetu zion ea inoiz zerbait egin zion neskari. Ez. Fisikoki, ez. Bakar-bakarrik ‘putita’ deitzen ziola ume-umetatik, jaioberria zenetik. Umeari buruz gauza lazgarriak esaten zituen, artean hizketan ez zekiela. Bazirudien emakumezkoengana zuen mesprezu guztia bideratzen zuela alaba jaioberriarengana, bere kakatza ikaragarria umearen gainera erotzen utzi nahiko balu bezala.

Semea, ordea, paseoan eramaten zuen eta katuei harriak botatzen irakasten zion edo zuhaitzen kontra txiza egiten. Hori ohorea balitz bezala. Mutiltxoarengan haren antzeko gizon ausarten tradizioari jarrai ziezaiokeen norbait ikusten zuen.

-Gu indartsuagoak gara, hori ezin da ukatu- esan ohi zion argudio gisa.

Baina, noski, ez zuen lortzen hurrengo galderara pasatzea: indarra izate hutsak behartzen al gaitu beste pertsona batzuen kontra erabiltzera? Hala balitz, emakumekoek umeak eta adinekoak ere jo litzakete. Edo gizonik indartsuenek hil litzakete ahulagoak, besterik gabe. Eta, hala ere, ez da entzuten halako hilketarik dagoenik hiru egunik behin.

Orain gai honen inguruan gogoeta egiten denbora gehiago igarotzen duen Ángelen ustetan, gaiaren mania ez dago indarrean, beste pertsona batzuen aurka erabiltzeko nahian baizik. Eta gero harritzen da pentsatzen baitu gizonezko mordoa prest dagoela indar hori emakumezkoen kontra erabiltzeko; gainera, gehienetan ‘logika’ hori bakar-bakarrik erabiltzen dute haien kontra.

Tira ba, hortxe mutilarentzako oparia. Pistola bat. Egia esan, inuzentekeria bat zen bestelakorik itxarotea. Jostailu bat da, bai, baina ez koloretakoa, bost urteko ume bati egokituko litzaiokeen bezala. Beltza da, distiratsua eta findua, filmetan edo telesailetan agertzen direnak bezalakoak. Ikustean, Ángelek atzerantz egin du. Hain ondo eginda dago, ze lipar batez pentsatu du egiazkoa zela. Ángelek irudikatu du zer den etxean izu-ikara sartuta bizitzea. Jostailu diaboliko hori ematea Nekaneren etxera mehatxuzko mezu bat eramatea litzateke. Eta horixe da emakumezko horrek behar duen azkena. Senar ohiak ezartzen dion heriotzazko zelataren beste oroigarri bat.

Bai, antza denez, urte batzuetan zoriontsu bizi izan ziren. Hasiera-hasieran. Orduko hartan Félixen amorru menderatzailea jasan behar zuen, baina maitasun erakusgarritzat hartzen zuen. Eta maitasun horri eutsi nahi zion kosta ahala kosta. Alaba jaio zen arte. Lucíaren jaiotza txinpartaren eragilea izan zen. Txikitxoak amaren begietan egia ezkutatzen zuen beloa kendu zuen. Ordura arte, Nekanek senarraren irakinaldiak jasan zituen zuzen egon zitekeela pentsatuz: beharbada beste gizon bati begiratu zion, beharbada gustatzen zitzaion Félixek ‘limurtzea’ deitzen zuena, beharbada limurtzailea izatea zen, adibidez, atsegin jokatzea igogailuan aurkitutako auzokide bati egunon esatean.

Baina haurra jaio zenean, hain babesgabe, xalo eta tolesgabe, eta ikusi zuenean neska ere modu berean tratatzen zuela, egia azaldu zitzaion. Gizonezko horrek bakar-bakarrik proiektatzen zuen emakumezkoen gainera haiei buruz zeukan aurreiritzia. Aurreiritzi zikin eta txatxuak.

Ángelek paketea eman zion Jimmyri. Asko pentsatu zuen horri buruz, baina, azkenean, betebeharraren zentzua gailendu zen. Hori bai, aurrekoa baino askoz opari paper politagoa aurkitu du. Dirdira egiten duten jantziak dituzten superheroiez beterik dago. Harro dago behar bezala biltzeko gai izan delako.

Amaren dohaina. Bide batez, ama bisitatzera joan behar du. Aspaldian ez du ikusi eta ona izaten da bisitaldiak egitea. Kexatzen ez denez, sekula ez daki zerbait behar duen ala ez. Eta kontribuziorik gabeko pentsio batekin oso gaizki pasa daiteke. Ez dauka ezta alarguntzagatikoa ere. ‘Sebas Etxea’ aitaren familiarena zenez, ondasunen banaketarekin ezkondu ziren. Eta bizitza osoan bertan lan egiten jardun arren, ez da altan egon egun bakar batean ere. Ezin atzera egitea zaharra izatearen beste zailtasunetariko bat da.

Jimmyri kostatu zaio paketea irekitzea. Jakina, behar bezala bilduta dago. Azkenean, papera urratzea lortu du. Spiderman bitan zatituta geratu da. Begiak zabal-zabalik, ahoan irribarrea marraztu zaio pozaren pozez.

-Aitaren partez - esan dio Ángelek.

-Begira ama! Jaun honek aita ezagutzen du eta hauxe eman dio niretzat!

Amak semearen eskuei begiratu die. Pilekin dabilen organo bati eusten ari zaio. Tekla bakoitza kolore desberdin batez margoturik dago eta guztiek animaliatxoren baten marrazkia dute.

-Bai polita, maitea! Baina badakizu orain jotzen ikasi behar duzula, nik entzun dezadan.

Ángelek beste paketetxo bat atera eta neskari eman dio.

-Lucía, zuretzat ere opari bat dago.

Neskatoak hartu du, baina berak lagundu dio irekitzen. Mapamundi puzgarri bat da. Puztutakoan, haren atzamartxoak hasi dira herrialdeak seinalatzen, hiriak, itsasoak. Mundua haren esku dago.

- PUBLICIDAD -

Comentar

Enviar comentario

Enviar Comentario

Comentarios

Ordenar por: Relevancia | Fecha