El blog '11 Egun Euskaraz-11 Días en Euskera' es un espacio destinado a informar en torno al proyecto 'Euskaraldia', una iniciativa que en 2018 impulsará el uso del euskera en Euskadi, Nafarroa e Iparralde
Aurkezpena eta mintegia: 220 lagun Euskaraldiaren antolaketan larunbata goizean
Euskal Herriko bi puntutan izan dira martxoaren 17an, larunbatean, Euskaraldiaren hitzorduak: Bilbon eta Itsasun. Ekimenaren antolaketaren momentu ezberdinetan dauden herrientzako deia zegoen bi aurkezpenetan. Bilbokoan, herriz herri jadanik antolatuta dauden batzordeetako kideak bildu dira, Itsasun berriz, Ipar Euskal Herriko Euskaraldiaren lehen aurkezpena egin da eta bertan abiatu dute Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan ekimena martxan jartzeko lehen urratsa.
Lan goiza izan da larunbatekoa hitzorduetara agertutako 220 lagun baino gehiagorentzat. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri osoan aldi berean egingo den ariketa soziala irudikatzen jarraitzeaz gain, antolaketan eman beharreko urratsen gaineko hausnarketa egin eta argibideak eskaini dira saio hauetan.
Ilusioa Itsasun, Ipar Euskal Herriko Euskaraldiaren abiatzean
Ipar Euskal Herriko 38 herritako 80 lagun bildu dira Itsasuko Sanoki gelan. Iazko azaro eta abenduan Baiona, Angelu eta Miarritzen burututako BAM ekimeneko antolatzaile, Euskal Konfederazioko arduradun eta Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariek hartu dute hitza aurkezpen saioan eta hortaz gain, ariketa praktikoa ere egin dute bertaratutakoek.
Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak Euskaraldiaren aurkezpena eginez abiatu da saioa. Urte bukaeran egingo den ariketa sozialaren ezaugarri nagusiak azpimarratu eta ekimenean eragile eta erakunde arteko elkarlan dinamikak sortzeko helburua gogora ekarri du.
BAM dinamikak utzitako irakaspenak eta ekimenaren bueltako bizipenak azaldu dituzte ondoren Ekhi Erremundegi eta Elena Oillarburuk. BAM ekimena euskaldunak ahalduntzeko tresna eraginkorra izan dela azpimarratu dute eta ohitura aldaketatan eragin duela: “BAM biziki terapia ona izan da euskaldun gisara barne korapiloak askatzeko” azaldu zuen Erremundegik eta Euskaraldiaren bidez, BAMen eragina Euskal Herri osora zabaltzeko aukera ona izango dela nabarmendu.
Euskal Konfederazioko bi ordezkarik, Amets Lahetzjuzan eta Hur Gorostiagak, Ipar Euskal Herriko datu soziolinguistikoak azaldu dizkiete Itsasuko aurkezpenera hurreratutakoei azkenik. Datuak emanda, Euskaraldia Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan martxan jartzeko aukera paregabea dagoela azaldu dute.
Ariketari heldu diote azkenik Itsasun bildutako lagunek. Eskualdeka antolatu dira bertaratutakoak eta euskara erabiltzeko aukerak identifikatu ondoren, eskualdeka Euskaraldia martxan jartzeko oinarriak jarri.
Ilusioz, Ipar Euskal Herri osora zabaltzeko gogoz eta giro ederrean amaitu dute Itsasuko saioa, argazki bateratua eginez.
Lanean hasi diren herrietako batzordeentzako prestakuntza Bilbon
Bilboko Itsas Museoan egindako saioan 64 herritako ia 150 lagun bildu dira, goizeko 9,30etan hasi eta eguerdiko 2,00etan amaitu den mintegian. Lan-mintegia izan da eta Euskaraldiaren antolaketan landuko diren aspektu ezberdinak izan dira aztergai: oinarri teorikoak, komunikazioa, formazioa, herrietako sareen antolaketa eta ikerketa.
Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Elena Lakak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendari Estibaliz Alkortak eman diote hasiera egunari, bertaratutakoei harrera egin eta mintegiko egitarauaren berri emanez. Era berean, orain arte herrien izen-emateak eman duenaren datuak ere eman dituzte, oraingoz ehun herrik baino gehiagok izena eman duela azalduz.
Euskaraldia ez da hutsetik abiatu, aurrez hainbat herritan egindako aktibazio ekimenen ondorio izan da eta berauetatik hartu dira ezaugarri nagusiak ere. Lasarte-Orian egindako Irten armairutik ekimena izan da inspirazio iturri nagusietako bat eta honen sorreran parte hartu zuen Pello Jauregi EHUko Hezkuntza Zientzietako Doktoreak ekimenaren oinarri teorikoak aletu ditu eguneko lehen saioan. Euskaraldiaren ezaugarri nagusiak azaltzeko balio izan du aurkezpenak, lau ideia nagusitara ekarri baititu Jauregik oinarriak.
- Euskaraldia ez dela urte beteko kanpaina izango azaldu du, epe luzeko lan-ildoa dela, eta normalizazioaren partida jokatzeko ulermena zabaltzea behar-beharrezkoa dela azpimarratu. Puntu honetan, Belarriprest figurak duen garrantzia nabarmendu du eta Euskaraldiaren ariketa soziala kolektiboki ondo joan dadin Ahobizi bakoitzeko hiru Belarriprest beharko liratekeela esan du Jauregik.
- Ahobiziei babesa eman eta bere jokaerari legitimitate soziala emateko talde sentsazioa behar-beharrezkoa da Jauregiren iritziz, eta horretan ekimenean zehar erabiliko diren ikurrek (Ahobizi eta Belarriprest txapek) funtzio garrantzitsua betezen dute.
- “Euskaraldia ez da euskararen aldeko ekimena, Euskaraldia euskarazko ariketa soziala da”. Praktika bera da ariketaren klabea, eta horregatik, parte hartzeko gutxien gutxienik euskara ulertzeko gaitasuna izatea beharrezkoa dela esan du Jauregik.
- 16 urtetik gorako pertsonek parte hartuko dute Euskaraldian. Orain arte euskararen normalizazioa bultzatzen duten ekimenetan gutxitan egin den moduan, helduak dira Euskaraldiaren protagonista. Hizkuntza praktika berrien eredu helduak izango direla nabarmendu du Pello Jauregik, helduak eredu sozial izan behar direla aldarrikatuz.
Lehen hitzaldiaren ondoren, herrietako batzordeen lana irudikatu eta planifikatzen hasteko, arlo ezberdineko proposamenak aurkeztu dira. Leire Palacios Euskaraldiko komunikazio arduradunak xehetasunez azaldu ditu ekimeneko komunikazio estrategiren ildo nagusiak, baita euskarriak erabiltzeko irizpideak ere.
Jurdana Martin Topaguneko sustatzaileak prestakuntzarako dauden aurreikuspenak azaldu ditu. Eragile ezberdinek osatu duten prestakuntza katalogoa aurkeztu eta boluntarioak formatzeko dagoen plangintzaren berri ere eman du.
Arabako Lautadako Euskaraldiko arduradun Asier Lafuentek eta Topaguneko sustatzaile Rita Aldabaldetrekuk herrietako eragile sareak antolatzeko eta ahobizi zein belarriprest-ak lortzeko proposamenak aurkeztu dituzte ondoren, orain arteko esperientzietan eta lanean ari diren batzordeen ideietan oinarrituta.
Azkenik, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak izan du ekimenaren bueltan diseinatzen ari den ikerketaren gaineko informazioa emateko ardura. Horrekin batera, goizean zehar sortutako galdera eta iradokizunei erantzuna eman die Illarok.
Giro onean joan den goiza Imanol Ituiño magoaren saioarekin bukatu da.
Izen-ematea zabalik
Bilboko saioko edukiak webgune honetako Intranet atalean jarriko dira hurrengo egunotan, mintegian parte hartzerik izan ez zuten eta martxan jartzen ari diren batzordeetako kideek eskura izan ditzaten. Horrekin batera, hurrengo asteotan atal bakoitzean sortzen doazen galdera, iradokizun edo ideiak webguneko foroan trukatzen joan ahal izango dela azaldu da.
Saio hauen ondoren, herriz herri lanari ekingo diote berriz ere batzordeek. Orain bertan herrien izen-emateak irekita jarraitzen du apirilaren 8ra arte, eta astez aste gero eta gehiago dira batzen ari diren herriak.