Euskadi Blogs y opinión

Sobre este blog

Euskal kulturaren berri izan nahi duzu? Gure musika, festibalak, esposizio artistikoak, dantza, zinema, antzerkia, festak eta euskal folkloreari buruzko kontu guztiak 'klik' batean. Klikatu on. Klikatu kultur On.

Zenbat euskalki ditu euskarak?

'Euskara' hitza herri bakoitzean hitz egiten den euskalkiaren arabera

1863. urtean zortzi euskalki bereizi zituen Louis-Lucien Bonapartek; Resurreccion Maria de Azkuek, ordea, zazpi, eta Koldo Zuazo hizkuntzalariak XX. mendean, bost. Orain, EHUko ikertzaile talde batek, hiru euskalki daudela zehaztu berri du: mendebaldekoa, erdialdekoa eta ekialdekoa.

Gotzon Aurrekoetxea EHUko Letren Fakultateko irakaslearen gidaritzapean, Euskararen Bariazioa Aztertzeko Ikerketa Taldeak (Eudia) "Euskalkien sailkapen berria" egin du. Hori oinarri, hiru euskalki bereizi dituzte: mendebaldekoa, erdialdekoa eta ekialdekoa.

Zelan lortu dute? Talde honek, euskalkiak zehazteko metodologia aldatu du. Hau da, orain arte, hizkuntza-ezaugarrien aukeraketan oinarritu izan dira bereizketak. Oraingo honetan, ordea, "Euskararen Herri Hizkeren Atlasak"-EHHA egitasmoak argitaratutako liburukietan biltzen den informazioa erabili dute, hots, euskararen eremuko 145 herritan jasotako lexikoaren eta gramatikaren informazio zabala.

"Kultura hiritartu ahala eta gehienon bizimodua hirietan gauzatu ahala, dialekto sozialak edo soziolektoak sortuko dira eta bariazio geolinguistikoa gutxituko. Hots, hizkuntzak aldatzen jarraituko du eta hizkuntza bariazioa ikergai izango da, nahiz bariazio hori desberdina izango den, hala beharrez", adierazi du Aurrekoetxeak.

Bere esanetan, euskalki kopurua murrizteak ez du esan nahi euskara hainbeste aldatu denik, eta metodologiari egotzi dio aldea. Gainera, 100 urte barru euskalkiak izaten jarraituko dugula adierazi du, gaur egungoen berdinak izango ez direla nabarmendu badu ere. Hala, "ez da euskalkirik galdu, eta etorkizunean ere ez dira galduko", azaldu du irakasleak.

Euskara batua eta euskalkien arteko lehia

Euskal Herrian soziolektoen "lehen zantzuak" agertzen hasiak direla ohartarazi dute ikertzaileek. Adibide gisa, herri berean bizi diren euskaldunberrien eta euskaldunzaharren artean dauden "desberdintasun nabari eta begi-bistakoak" aipatu dituzte, edota "gazteen artean zenbait hotsen ahoskeran edo zenbait egituretan" atzemandako aldaketak. Aurrekoetxeak etorkizuneko euskararen oinarriak gazteen hizkeran daudela uste baitu.

Hala ere, Aurrekoetxeak azaldu duenez, euskalkien eta euskara batuaren arteko harremana ez dela gatazkatsua, adierazi du, "bi hizkuntza erregistro" direlako. "Bestalde, badago euskara batuarekin uste bat, adibidez, sentimenduak azaltzeko ez duela balio. Nik nahiago dut esatea gabezia hori esaten duenak daukala, eta ez hizkuntzak edo erregistro horrek", erantsi du.

Sobre este blog

Euskal kulturaren berri izan nahi duzu? Gure musika, festibalak, esposizio artistikoak, dantza, zinema, antzerkia, festak eta euskal folkloreari buruzko kontu guztiak 'klik' batean. Klikatu on. Klikatu kultur On.

    Autores

Etiquetas
Publicado el
28 de enero de 2020 - 21:44 h

Descubre nuestras apps

stats