La portada de mañana
Acceder
Trump reacciona a la desesperada ante el golpe económico y la presión
Telefónica, Iberia, Glovo: 2026 arranca con un goteo de ERE y el auge de la incertidumbre
Opinión - 'El derrumbe del debate público', por Esther Palomera

24. Korrikaren atzerako kontaketa hasi da: “Euskararen herrian mundu oso bat sartzen da”

Astebete falta da 24. Korrika Atharratzetik abiatzeko, baina Bilbon jada atzerako kontua hasi dute ehun pertsonetik gora bildu duen euskararen lasterketaren aurkezpen sozialean, ostegun honetan, EITBren egoitzan. “Biziberritzen ari den komunitate aske eta irekia gara. 'Euskara gara' leloak begi-bistako mezua du: euskarak pertsona guztiak bil ditzake. Euskara ez da muga; arnasa da. Zubi gisa landu behar dugu”, adierazi du Ane Elordik, Korrikaren arduradunak, emozioz betetako hitzaldi batean, baina umore puntu bat ere izan duena Albina Stardust eta Ana Goitiaren eskutik.

Elordik onartu duenez, Korrikak helburu argia dauka: “Jatorria, azal-kolorea edo hizkuntza-maila gorabehera, denentzat lekua izango duen komunitatea eraikitzea. Euskararen herrian mundu oso bat sartzen da”. Gainera, zertzelada batzuk eman ditu azken Korrikan oinarrituta egin zen doktoretza-tesi baten inguruan: “Ikerketa-lan horren ondorio nagusia izan zen Korrikak eragin emozional positiboa sortzen duela parte-hartzaileengan, eta eragin hori aste batzuk irauten duela”, gehitu du.

Izan ere, aurten, inoiz gelditzen ez den Korrikak, 2.175 kilometro egingo ditu Atharratzetik hurrengo martxoak 19an Bilbora 29an, eta 3.436 lekuko-hartze izango ditu, inoiz baino gehiago. Hala ere, AEK-Korrikako ordezkariek gogorarazi dute Korrika ez dela soilik festa. “Ez gara folklore, euskara gara”, esan du Elordik, lehen Korrikaren 45. urteurrenean egindako aldarria gogora ekarrita.

AEKren Nazio Kontseiluko kide Lurdes Etxezarretak gaineratu du euskararen komunitateari euskararen ezagutza unibertsala zor zaiola: “'Euskara gara' aldarriari atxikita, helduen euskalduntzea lehen lerroan ezarri nahi dugu”; gisa berean, hizkuntza-politika eta erreminta ausart eta sendoen premia azpimarratu du, “doakoak eta guztiontzat, hezkuntza, transmisioa eta helduen euskalduntze eta alfabetatze tinkoak bermatzeko”, alegia. Bere hitzak Euskal Herri osoan herritar guztiok “euskaraz eroso bizitzeko eskubidea” aldarrikatuz eta “zeresana duten norbanako zein eragile guztioi aktibaziorako deia” eginez bukatu ditu.

Ez gara folklore, euskara gara

Ildo beretik, Elordiren azken mezua ere zuzena izan da: Korrikarekin 11 egunetan “hunkitzera” eta parte hartzera animatu ditu bertaratutakoak, baita harago joatera ere: “Korrika amaituta, 12. egunean ere, eta hortik aurrera egunero, 'Euskara gara'-ren aldarria kontuan hartuta, euskararen eta euskal komunitatearen alde egitera” deia egin du.

Homenaldia Palestinari eta Teresa del Valle antropologoari

Adierazi dutenez, aldaketak egongo dira 24. Korrikan eta sinbolismo handia izango dute: “Aurten, hainbat une hunkigarri biziko ditugu bidean”, aipatu dute lasterketaren antolatzaileek. Esaterako, Errigorak, Korrikaren omenduak, San Adrianen hartuko du lekukoa, ekoizle, sarekide eta bidelagunekin batera. Pizkunderantz pauso bat gehiago emateko prest, Euskalgintzaren Kontseiluak, bere aldetik, Azkainen eta Ezkirotzen eramango du. Palestinarekiko elkartasuna ere presente egongo da, Gasteizko Bake kalean 'Palestina gara' lelopean egingo duten lekuko-hartzean; horrez gain, Donostian omenaldia egingo diote Teresa del Valle antropologoari, haren familiak eta bidelagunek lekukoa hartuta. Halaber, hizkuntza gutxiagotuen aldeko lasterketen arteko elkartasuna ere ikusiko da: Korrikaren “ahizpek” 24. Korrikan parte hartuko dute, hala nola Okzitaniako La Passemek Atharratzen, edo Bretainiako Ar Redadeg-ek Errezilen. Gerora, Korrikaren bukaeran, Bilbon ere ikusiko dira ahizpa biak.

Euskal Herritik harago, munduko txoko askotan antolatzen dira Korrikak eta guztiek helburu bera dute: euskara ikusaraztea, euskal komunitatea aktibatzea eta hizkuntzaren aldeko aldarria plazara ateratzea, kilometroz kilometro. Formatu txikiagoan izan arren, esanahi handiko ekimenak dira: euskararen aldeko mezua mundura zabaltzen dute, eta diasporako euskaldunak saretu. Herrialde bakoitzean bere modura antolatzen da: ibilbide sinbolikoak, lekukoa eskuz esku eramatea, ekitaldi kulturalak, musika, mintzaldiak eta topaketak… Baina guztiek partekatzen dute oinarri bera: euskara erdigunean jartzea. Honela, Korrikak antolatu dituzte Saharan, Mexikon, Tokion, Sydneyn edota Mumbain.