Has elegido la edición de . Verás las noticias de esta portada en el módulo de ediciones locales de la home de elDiario.es.
Sobre este blog

Contrapunto es el blog de opinión de eldiario.es/navarra. En este espacio caben las opiniones y noticias de todos los ángulos y prismas de la sociedad navarra. Opinión, bien diferenciada de la información, para conocer las claves de un presente que está en continua transformación.

Nafarroako lurralde handi bat baztertua

Euskararen inposaketaren aurkako manifestaldia

Pello Salaburu

0

 Edozein gauza erran daiteke Nafarroan, egia, egia erdia edo gezur hutsa, Nafarroako egungo gobernua egiten ari den lanari izena kentzeko. Hainbertze urtez agintean egon den eskuinak ez du kanpoan egotea barkatzen. Ez du barkatzen, haiek agintean ez egonik, UPN eta PPren begietan bertzeak oro botere organoen “okupak” direlako, definizioz. Neurri handi batean, pixkanaka eta etengabe desagertze bidean dagoen PSNren begietan ere. Nekez sartzen zaie buruan Diputazioko aulkietan haiez kanpo bertze inor egon daitekeenik.

 Hizkuntza politikaren inguruan antolatu dute orain kanpaina zentzugabe horietako bat. Zentzugabea eta arriskutsua. Ez irabazteko moduan daudelako, baizik holako gaiek aski modu errazean sor dezaketelako kontrolik gabeko sua. Alde batera utziko ditugu arrazoiak, antolatu nahi duten iskanbila arras irrazionala baita, eta artifizioz betea, datu hotzak kontuan hartzen badira. Kasu honetan, ordea, ez dute datuek pisu gehiegi. Aski da ozenki erratea, gezurra bada ere, euskara inposatu nahi dela Nafarroan eta euskaraz ez dakitenek ez dutela administrazioan lana aurkitzeko modurik izanen. Tuteran euskara ikasten ez baduzu ezinen duzula Batxillergoa gainditu, eta Lizarran ez burutik ere pasatu udaltzain lanpostu batera aurkeztea, aitzinetik EGA erakusten ez baduzu. Nafarroa euskal abertzaleek irentsi nahi dute.

 Hori guzia gezurra da, baina zentzugabekeriaren azpian dauden gogo prozesuak ezin dira egiazko datuekin kontrastatu eta eztabaidatu, errealitate paraleloak sortzen baitituzte holakoetan: Trumpek argi esan zuen berak AEBetako lehendakaritzaren kargua hartu zuenean, ez zela zelai hartan inoiz ere horrenbertze jende bildu eta eguzkiak gutxitan erakutsi zuela egun hartan zuen distira. Argazki guziek kontrakoa erakusten zuten, jende guti eta euria, baina ez Trumpek ez trumpzaleek ez zuten horregatik iritzirik aldatu. Beren gezurrak barneratu eta sinetsi zituzten. Egun, Nafarroako eskuinak bere gezurrak barneratu eta sinesten dituen gisa berean.

Joan den ekainaren 2an euskararen inposatzearen kontrako manifestazioa deitu zuten eskuindarrek. Nafarroan, oroz gain, euskara inposatzen da, eta hizkuntza diktadura batean erortzen ari gara, omen. Joan zaitez ospitalera, suhiltzaileengana, udaletxe batera, institutura, joan zaitez denda batera, aseguru etxe batera, jatetxe batera… arruntena erdara entzutea izanen da, eta zuk euskaraz eginik ere, kristauen hizkuntza ibili beharko duzu norbaiten erantzuna hartzekotan. Hori da errealitate gordina. Euskara ibiltzea salbuespena da. Hori gertatzen da toki gehien-gehienetan, nahiz eremu euskaldunean maizago entzun ahalko duzun euskara. Baina zenbat guraso daude Nafarroan beren umeek euskara ikas dezaten nahi izanik azkenean ezinbertzez erdarazko eskoletan sartzen dituztenak? Hala ere, eskuinaren begian gaztelaniaz mintzo direnak bakarrik dira galtzaile. Gaztelaniaz mintzo direnak bakarrik eta gaztelaniaz bakarrik mintzo direnak, euskaldun guziak ere mintzo baitira gaztelaniaz. Ikusteko sortuak

Koldo Martienezek artikulu batean (Diario de Noticias, 2018-06-01) eman zituen aitzineko egunean datu aski argi eta azpimarragarriak: Lan Eskaintza Publikoan kanpoko hizkuntza batek baino 0,7 puntu gehiago balio du euskara jakiteak… betiere 100 puntuen barnean. Ezdeusa da hori. Irakaskuntza kendurik, administrazioan lan egiten duten 23.000 funtzionarioen artean 148 lanposturi bakarrik eskatzen zaie euskara jakitea. Nafarroako Ospitaleko Gunean plaza bat bakarrik dago, bat bakarrik, han lan egiten duten 6.000 langileen artean. Eta Kulturan, non eta Kulturan, ez da plaza batean ere euskara eskatzen han diren 379 lanpostuen artean. Datu hotzak dira horiek, baina badakigu kontra aritzeko edozein argudiok balio duela: Kantauriko itsasoa legarrez betea dagoela, eta ez urez, errateak ere.

Alta, Nafarroako eskuin foralismoa ez da historian zehar hain antieuskalduna izan: kontuan izan orain dela 100 urte sortu zituela Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia. Frankismoa amaitu zelarik eta demokraziak tokia hartu zuelarik joan zen foralismoa, Jaime Ignacio del  Burgoren eskutik lehenik, eta ondotik etorri diren presidente eskuindar eta sozialista guziekin gero, ordurarte beti --arrakasta handiago edo ttpiagoarekin--, ondoan izana zuen euskaltzaletasunetik. Bitxia da gero pentsatzea ere Diputazio frankista ez zela oraingo UPNko agintariak bezain antieuskalduna. Jendeak ez daki hori. Hau zekarren 1957ko azaroaren 20ko Buletin Ofizialak: Naparroako Diputacioa naigabe samiñarekin ikusten ari da izkuntze gucietan ederren eta arrigarrien den Euzkera, jakintsu aundiak diotenez, Naparroako euskal erriak beren euskal izkuntza beren etxetatik kampora botatzen ari dirala. Gaitze negargarri au gertatu ez dedin, dei egiten die euskeraz itz egiten dakitenei, jarraitzeko euskeraz itzegiten, beren umetxoei erakusten eta egiñalak egin ditzaten euskera zabaltzen. Eta aitzinttoago: Denbora gutxian, Naparroako euskal erri guziak ikustatuko ditugu, baita ere euskeraz itz egiten dakiten ume guziei sari edo premio ederra eman ere beti euskera maite izan dezaten eta sekulan izkuntza eder ori galdu ez dezaten.

1957ko Nafarroako Diputazioak hori? Bai, hori. Sail bat sortu zen euskara bultzatzeko, eta programa berezi bat euskararen prestigioa, hain zikindua ordura arte, berreskuratzeko. Euskara jende apalarekin lotzen zen, eta egia, haiek ziren gehien erabiltzen zutenak. Baina programa hori aitzinat eramateko sona handiko gizon bat bereizi zuten: Pedro Diez de Ulzurrun, euskaltzalea, Zaragozan ikasitako medikua, Basurtun lanean ibilia. Berak ongi betetzen zituen programaren zuzendari izateko eskatzen ziren hiru berezitasunak: gazte euskalduna izatea; apaiza ez izatea, eta gerran ez alde batean ez bertzean ibili gabea izatea. Hori gertatzen zen, non eta Nafarroan, 1957an.

 Diez de Ultzurrunek bazuen, jakina, bertze batzuen laguntza, eta ondoan izanen zituen programak iraun zuen bitartean: Urmeneta, Jose Aguerre, Jose Mari Satrustegi apaiza, eta bertze batzuk ere. Itzalean izanen zuen, seguru, Amadeo Marco bera ere, diputatu frankista, foralista, baina arrunt euskaltzalea. Satrustegiri anitzetan entzuna diot berari esker erraztu zela bidea Madrilen Euskaltzaindiaren estatutuak arazo gabe berritzeko.

Herriz heri ibili ziren, anitzetan Diez de Ulzurrun bakarrik, beti bere boneta eta trajearekin. Herriz herri, batzuetan bakarrik, bertzeetan norbait lagun zuela. Arizkuna ere etorri zen, 1962ko abenduan, eta eskolako ume guziei ahozko azterketa bat egin ziguten, euskaraz bagenekien jakiteko. Guardia Zibilen umeren bat kenduta, gainerakoek euskara ibiltzen genuen gure artean. Eta sarituak izan ginen. Etxean dut diploma bat garai hartakoa, programak iraun zuen urteetan 6.000 ume baino gehiagori eman zitzaiguna: Naparroko Diputazioak, eta bere izenean Institución “Príncipe de Viana”-ko “Euskera-Bizkormen Sailla”-k ludiko itzkun zarrenetakoa Naparrako eta Españaren ederkun dan euskera dakilakoz, saritua izan da (nire izena) bere gurasoei euskeraren iraupenerako lanetaz esker ona erakutsiz, agerkai onekin Iruñean, (data) Euskera-Bizkormen Sailla-ko burua. Agiriarekin batera kontu bat ireki zidaten Nafarroako Aurrezki Kutxan, 200 pezetakoa. Munduko ume aberatsena nintzen ni orduan… euskara dela eta, Diputazio frankistari esker.

Nola iritsi da oraingo foralismo eskuindarra ailegatu den tokira? Nola da posible hain maila apaleko agintari ezjakinen esku gelditzea? Zergatik zokoratzen dute Nafarroako lurralde euskalduna?

Sobre este blog

Contrapunto es el blog de opinión de eldiario.es/navarra. En este espacio caben las opiniones y noticias de todos los ángulos y prismas de la sociedad navarra. Opinión, bien diferenciada de la información, para conocer las claves de un presente que está en continua transformación.

Etiquetas
stats