Has elegido la edición de . Verás las noticias de esta portada en el módulo de ediciones locales de la home de elDiario.es.

Gatzaren matxinadan hilarazitakoak omendu dituzte Bilbon

San Anton eliza aurrean gertatutako gatzaren matxinadako hildakoei omenaldia. /G. A.

Gorka Ascorbebeitia

Bilbao —

Gaur bezalako egun batean orain dela 379 urte, gaua heltzear zegoenean, San Anton eliza aurrean hiru bilbotar hilarazi zituzten Espainiako Felipe IV erregearen ordezkariek. Gatzaren matxinadan parte hartu eta gero urkatuta hiltzera zigortu zituen momentu hartako justiziak. Hiru buruzagien beste hiru kide ere kartzelan hilarazi zituzten arrazoi berdinengatik ‘garrote’-aren bidez. Hiru urte lehenago, erregeak bultzatutako gatzaren prezioaren %44ko igoera eta Bizkaiko erreserba guztien konfiskazioa izan zen borrokarako arrazoia. Momentu hartan herrialdeak zituen foru eskubideak urritu zituen agindu errealak Europako iparraldean gertatzen ziren gerrak ordaintzeko. Gaurko bilbotarrek beren aitzindarien oroimenari omenaldia egin diete hilketa gertatu zen eliza berdinaren aurrean urtero egiten duten bezala.

Bilbotar hauen heriotza ez zen guztiz alperrik izan. Matxinada baretzeko asmotan epaia bete bezain pronto Felipe IV-k gatzaren prezioa berriro ere beheratu zuen eta sei hildakoetaz aparte borrokan parte hartu zuten beste kide guztiei barkamena eskaini zien. Bilboko biztanleek irudi sinboliko hau dute gogoan omenaldia egiten dutenean, hamar urte daramatzate jadanik maiatzaren 24 guztietan San Anton elizaren orman dagoen plakan loreak jartzen. Orain dela urte bi, EH Bildu udal taldea ere elkartu zen beraiekin. “Lehenengo euskal herritarren jaikialdi ekonomiko baten moduan hasi zen, gero foruak defendatzeko borroka batean bihurtu eta azkenik momentu hartako jauntxo eta jabeen kontrako matxinada antolatu zen”, azaldu du Txema Azkuenagak, aste honetara arte talde abertzalearen bozeramaile izandakoak.

Gaur eguerdian, elizaren kanpaiak 12ak puntuan eman eta pare bat minutu pasa direnean, neska batek ohorezko aurresku bat dantzatu du San Anton eliza aurrean krabelin txorta bat eskuan zituelarik. Gero lore txorta hartu eta eskailera baten laguntzarekin kide batek igo ditu orman dagoen plakara. Iraganean bertan isuritako odol tanten erreflexua. Gerrek probokatutako momentu hartako egoera ekonomiko larria eta gaur egungo krisi egoeraren arteko paralelismoa azpimarratu du Azkuenagak. Bere ustez, gatzaren matxinadak “iraultza sozial kutxu bat” izan zuen eta horregatik “agur eta ohore” egiten die partaideei. Halako ekimenak Udalak bere gain hartu ez izana deitoratzen du ere.

Edozein modutan ere, hiru urte iraun zituen gatzaren matxinadaren arrazoi garrantzitsuenak zergen igoeran zeuden. Bizkaian foru eskubideei esker zergak bertoko agintariak finkatzen zituzten eta Espainiako monarkiak ezarritako igoera bati biztanleek uko egin zieten aho batez. Matxinatuen erasoen artean, 1632an gertatutako korrejidorearen prokuradorea hilketa eta 1633ko Gernikan egiten zen Batzar Nagusien bileraren geldiaraztea egon ziren. Herritarren eskakizunik garrantzitsuena zerga-salbuespenak berreskuratzea izan zen. Helburu horren alde borrokatzeagatik Juan eta Domingo Bizkaiganatar anaiak eta Juan Larrabaztertar kapitaina San Anton elizan zintzilik hil ziren. Bien bitartean eta arrazoi berdinengatik, Oiorabidetar Martin Otxoa, Urtusaustegitar Juan de la Fuente eta Morga eta Sarabia lizentziaduna kartzelan hiltzen ziren ‘garrote’-aren bidez.

Etiquetas
stats