Euskal kulturaren berri izan nahi duzu? Gure musika, festibalak, esposizio artistikoak, dantza, zinema, antzerkia, festak eta euskal folkloreari buruzko kontu guztiak 'klik' batean. Klikatu on. Klikatu kultur On.
Erretratu ibiltariak, herrien oroimena bizirik mantentzeko proiektua
- “Retrato Nomada: Gipuzkoa”, Gipuzkoako Foru Aldundiaren META! Diru laguntza eskuratzeko aurkeztu ziren proiektuen artean aukeratu izan da
Eli eta Carlos argazkilariak dira. Bartzelonan hamabost urte bizi ondoren, hiriaren kaosetik ihes egin dute bere ametsa errealitate bihurtzeko: estudio ibiltari bat sortzea. Hala, 1982. urteko autokarabana batean Europako hainbat herrialde bisitatu dituzte eta argazki estudio ibiltari bihurtu duten autokarabanaz herriz-herri ibili dira erretratuak atera eta bertan bizi diren lagunen istorioak ezagutuz.
Orain, Euskal Herrira bueltatu dira erronka bat burutzeko: “Retrato Nómada: Gipuzkoa”. Hau da, Gipuzkoako herri batzuk bisitatuko dituzte bertako herritarrei erretratuak atera nahian, artxibo bat osatzeko. “Retrato Nomada: Gipuzkoa”, Gipuzkoako Foru Aldundiaren META! Diru laguntza eskuratzeko aurkeztu ziren proiektuen artean aukeratu izan da. Horren haritik eta proiektua burutu ahal izateko, Nomad Studio Art Elkarte Kulturalak diru bilketa kanpaina bat jarri du abian.
“Oso polita da jende asko ezagutzen dugulako. Argazkiak ateratzen dizkiegu eta edizioan parte hartu dezakete. Badaude pertsona batzuk hunkitzen direnak. 1900. urtean bazeuden argazkilari eta estudio ibiltariak, azoketan argazkiak prezio ekonomikoago batean egiten eta saltzen zituztenak. Hori berreskuratu nahi dugu”, adierazi dute Eli Garmendiak eta Carlos Pericasek.
Erretratuak egin ondoren kopia bat ematen dizkiete herritar bakoitzari. Aktibitatea bukatzen dutenean, herri bakoitzeko Udalari ateratako argazki guztien kopiak emango dizkiete, momentu honetan herrian bizi diren pertsonen artxibo bat osatzeko. Guztira, 10 herri bisitatuko dituzte, eta bere errekorra 120 pertsona egun batean fotografiatzea izan da, Tolosan, izan ere. Hau dana helburu bakarrarekin: “Herrien nortasuna partekatzea, oroimena bizirik mantentzeko”.