Has elegido la edición de . Verás las noticias de esta portada en el módulo de ediciones locales de la home de elDiario.es.
La portada de mañana
Acceder
Puigdemont estira la cuerda pero no rompe con Sánchez
El impacto del cambio de régimen en Siria respaldado por EEUU, Israel y Turquía
OPINIÓN | 'Pesimismo y capitalismo', por Enric González
Sobre este blog

Viento del Norte es el contenedor de opinión de elDiario.es/Euskadi. En este espacio caben las opiniones y noticias de todos los ángulos y prismas de una sociedad compleja e interesante. Opinión, bien diferenciada de la información, para conocer las claves de un presente que está en continuo cambio.

Bildarratzen akastun jostailua

Eskola publiko baten argazkia

0

Aspalditik daramagu Ordiziako Eskola Publikoko kideok, baita Euskal Herriko hamaika txokotako eskolek ere, pairatzen ditugun desorekak bideratzen lagunduko diguten neurri eta tresnak eskatzen. Olentzeroren oparia bailitzan iritsi zitzaigun, paper dotorez bildua, zaurgarritasun indizea eta ikastetxeen arteko desoreka bideratzeko tresna. Papera kentzen hasi orduko, ordea, konturatu ginen jostailuak akats larriak zituela.

Nola liteke ikasle edota familien zaurgarritasun maila neurtzeko familia bakoitzari galdetzea Netflix duten ala ez, etxean zenbat bainugela dituzten, familia kideen smartphone, tablet edo e-book kopurua, internet sarbiderik duten ala ez... eta ez hartzea kontuan objetiboagoak diren familien zerga aitorpena, jabetzak, jatorria, euskara ezagutza edo zerbitzu sozialen edota laguntza sozialeko zerbitzuen erabilera? Galdetegiak subjetibotasunerako tarte handia uzten du. Eta hori horrela, eskola plaza jokoan egon daitekeela jakitun, familiek komenigarrienak zaizkien erantzunak eman ditzakete.

Ordizian migrazio tasa orokorra %19koa da. 5 urtetik beherako haurren familien %37ak jatorria atzerrian dute, baina adin tarte horretan Eskola Publikoan matrikulaturik daudenen proportzioa %56koa da. Proportzio hau are handiagoa da zaurgarritasun neurriak hartzen diren 2 urteko geletan. Ordizian eskolatuak dauden ikasleen guraso edo tutoreen %38 ez dira euskaraz moldatzeko gai, eskolan publikoan matrikulaturiko ikasleen guraso eta tutoreen artean, aldiz, proportzio hau %59koa da. Eta egoera sozioekonomiko zaila duten eta Gizarte Zerbitzuen esku-hartzea edo laguntza jasotzen duten Ordiziako familietako ikasle ia guztiak Eskola Publikoan ikasten dute.

Ordiziako eskolen artean, jatorriaren baitako desoreka ehuneko 31,5 puntukoa da. 25,5 puntu hazi da azken 8 ikasturtean. Eskola bakoitzeko familien euskara ezagutzan ehuneko 48 puntuko desoreka dago. Eta, esan bezala, behar sozialak dituzten ikasle eta familia ia guztiak Eskola Publikoan daude.

Hau honela, zur eta lur gelditu ginen Hezkuntza Sailak Ordiziarako hasieran ezarritako zaurgarritasun indizea %15,96koa izatea eta Eskola Publikoarentzat %27,91koa. Matrikulazio prozesuaren ondoren zuzendu bazuen ere (Ordiziarako %34 eta Eskola Publikoarentzat %51), aurrez adierazitako zaurgarritasun adierazleetatik baxuenaren nabarmen azpitik ezarri dute behin betiko indizea, hartu beharreko neurrietan ondorio zuzenak eraginez.

Erabat eztabaidagarriak diren irizpide eta errealitatearekin bat ez datozen datu hauek hartu ditu Jaurlaritzak ustezko orekatze neurriak aplikatzeko. Baina neurrien aplikazioan ere, jostailuak akats larriak ditu. Akatsak edo, hain zuzen ere, zaurgarritasun handiena duten ikastetxe eta, kasurik gehienetan, ikastetxe publikoak kaltetzen dituen joera. Hori gertatu da, besteak beste Ordiziako Eskola Publikoan.

Ordizian Eskola Publikoak Haur Hezkuntzako 2. mailarako 47 matrikulazio eskaera jaso zituen, Jakintza Ikastolak aldiz 45. Behin betiko matrikulazioa honela gauzatuko balitz ere, Eskola Publikoak zazpi ikaspostu libre izango zituzkeen. Hezkuntza Sailak, ordea, guztiz subjektiboa eta eztabaidagarria den “Zaurgarritasun Indizean” oinarrituta eta ikasturte honetan bi ikastetxeen arteko desoreka gehienez %10 murrizteko muga aintzakotzat hartuta, matrikulazio eskaera Eskola Publikoan egin zuten hiru ikasle ikastolara bideratu ditu. Aldiz, ikasle bat bideratu du ikastolatik Eskola Publikora. Azken emaitza: Matrikulazio hobea eta plazak libreak dituen Eskola Publikoa 45 ikaslerekin utzi du eta Jakintza Ikastola 47rekin.

Hau da, zaurgarritasuna orekatzeko aitzakiarekin, Bildarratzen Sailak, matrikulazioa irauli du Eskola Publikoa bi matrikula gutxiagorekin utziz Jakintza Ikastolaren mesedetan. Mugimendu guztiz harrigarri eta salagarria. Izan ere, desoreken murriztean oso antzeko eragina izango zukeen bi ikastetxeen matrikulazioa mantendu eta “zaurgarri” izendaturiko bi edo hiru ikasle Eskola Publikotik Jakintza Ikastolara bideratu izan balitu eta “ez zaurgarri moduan” izendaturiko kopuru bera Jakintza Ikastolatik Eskola Publikora. Honek, desoreka modu oso antzekoan murriztuko luke, hasierako matrikulazio eskaerak bere horretan mantenduko lituzke, zaurgarritasun handiena duen ikastetxearen egoera hobetuko luke eta Eskola Publikoa hobetsi edo behintzat ez luke kaltetuko.

Zergatik hartu du Hezkuntza Sailak zaurgarritasun maila handiena duen ikastetxea kaltetzen duen erabakia? Zergatik ez du babestu eta lehenetsi Eskola Publikoa?

Hauek Ordiziako datuak eta erabakiak dira, baina erabilitako irizpideak ikusita, ziurrenik gauza bera gertatu da zaurgarritasun maila altua duten EAEko gainerako ikastetxe publikoetan.

Hezkuntza Saila eskola segregazioa ukatzetik onartzera pasa da. Ez da gutxi. Orain, ordea, modu eraginkorrean, segregazioa gehien pairatzen duten ikastetxeak kaltetu gabe eta Eskola Publikoa babestuz eta lehenetsiz egitea falta zaio. Gainera, Ordizia edo antzeko desoreka handiak dituzten guneetan pauso esanguratsuak emateko plan bereziak ezinbestekoak dira.

Bildarratz jauna, zure jostailuaren akats larriak ikusita, paper dotorean berriro ere bildu eta bueltan bidaltzen dizugu. Lehenbailehen jostailuaren akatsak zuzendu eta berri bat bidaltzea eskatzen dizugu. Gabonak gertu ditugu eta matrikulazio prozesu berria ate joka, ezin dugu denbora gehiago galdu. Olentzeroren bitartez bidali nahi baduzu, bikain, baina arren, ez dugu ikatz gehiago merezi.

Sobre este blog

Viento del Norte es el contenedor de opinión de elDiario.es/Euskadi. En este espacio caben las opiniones y noticias de todos los ángulos y prismas de una sociedad compleja e interesante. Opinión, bien diferenciada de la información, para conocer las claves de un presente que está en continuo cambio.

Etiquetas
stats