Viento del Norte es el contenedor de opinión de elDiario.es/Euskadi. En este espacio caben las opiniones y noticias de todos los ángulos y prismas de una sociedad compleja e interesante. Opinión, bien diferenciada de la información, para conocer las claves de un presente que está en continuo cambio.
Bildarratzen zain
Badira zazpi hilabete azkenekoz Hezkuntza Sailarekin bildu ginela, Arartekoaren bitartekaritzari esker. Ordiziako eskolen artean eta herrian, jatorriaren eta egoera sozioekonomikoa baitan, dagoen desoreka larria bideratzeko Hezkuntza Sailaren neurriak ezagutu eta iritziak trukatzea izan genuen helburu.
Bost urte dira, jada, Eusko Jaurlaritzak aurrez Ordizian larria zen desoreka nabarmen areagotu zuen matrikulazio irregulartasunak onartu zituela. Irregulartasunak onartu eta planifikatu gabeko gela esleitu. Harrezkero egoera okertu besterik ez da egin eta arazoa bideratzeko ez da beharrezko neurririk hartu.
Ordiziak Euskal Herriko migrazio tasa altuenetarikoa du, %19, alegia. Haur hezkuntza eta derrigorrezko eskolatze adinean daudenen ikasleen familien herenak atzerrian du jatorria. Ikasle horien hamarretik ia bederatzi Eskola Publikoan daude matrikulatuak. Ordizian edo Euskal Herrian jatorria dutenetatik, aldiz, erdiak baina gutxiagok ikasten dute Eskola Publikoan. Desoreka are nabarmenagoa da Haur Hezkuntzan. Eta azken urteetan desoreka areagotu besterik ez da egin.
2019an Arartekoak Hezkuntza Sailari Ordizian hartutako plangintza‐neurrien inpaktua ebaluatzea eskatu zion, baita ikasleen banaketa orekatuagoa lortzeko neurri zuzentzaileak hartzea ere. Hiru urte ondoren, ordea, herri‐defendatzailearen urteko txostenean jasotzen da Hezkuntza Sailak ez diela oraindik eskakizunei erantzunik eman.
Bost aldiz bildu gara Hezkuntza Saileko goi arduradunekin Ordiziako egoerari buruz hitz egin eta irtenbideak
bilatzeko. Jaurlaritzak onartzen du egoeraren larritasuna. Kasua lantzen eta neurriak prestatzen ari direla helarazi digute, pazientzia eta konfiantza izateko. Itxaron, itxaron dugu, baina neurririk ez da etorri. Hain zuzen ere, azken bileran, batetik, Ordiziako eta gure eskolaren matrikulazio eremuaren definizioa eta horren inguruko xehetasunak eskatu genizkion Sailari; bestetik, Ordizian ezarriko den zaurgarritasun‐indize zehatza eta eskola bakoitzean planifikatuko diren gela eta ikas‐lerroak; eta azkenik, Ordiziako egoera bideratzeko ezarriko diren neurriak eta hauen garapena denboran.
Uda ondoren berriro biltzeko konpromisoa gauzatzen ez zen heinean, Arartekoak errekerimendua egin zion Hezkuntza Sailari, eta bere bidez jaso dugu erantzuna. Jaurlaritzaren idatziak baina, ez die inola ere erantzuten gure eskaera eta xehetasunei. Izan ere, erantzuna mugatzen da jada Aldizkari ofizialean argitaraturiko bi dekretuei erreferentzia orokorra egitera, baina Ordiziarako zehaztapenik gabe.
Ezinbestekoak iruditzen zaizkigun xehetasunak ez emateaz gain, Arartekoari bidalitako idatziak larritu gaitu. Izan ere, idatziaren arabera, ikastetxe bakoitzean eskainiko diren ikaspostuak eta, ondorioz, ikas‐lerroak, eskariaren baitakoak izango baitira. Hau da, badirudi Hezkuntza Sailak ez duela inongo asmorik eskola publikoa lehenetsi edo, gutxienez, babestuko duen planifikazioa egiteko. Hezkuntza publikoa babestu, indartu eta bultzatu beharko lukeen administrazio publiko batek hau egitea larria bada, are larriagoa da aintzat hartzen badugu segregazio egoerak matrikulazioan eta ikastetxe aukeraketan duen eragina, eta honek eskola publikoari egiten dion kaltea. Izan ere, desoreka eta segregazio handiko testuinguru honetan, Jaurlaritzak proposamenak posible egingo du, urte bakoitzean egiten den eskariaren baitan, eskola publikoak gelak edota lerroak galtzea itunduriko ikastetxeen alde.
Dena den, ez da hor amaitzen idatziaren larritasuna. Bereziki kezkatzen gaitu Ordiziarako “zaurgarritasun indizearen” zehaztapen ezak desorekan izan dezakeen eragina. Hezkuntza Sailak dio Ordiziako bi ikastetxeek gutxienez %10ean hurbildu beharko dutela Ordiziari esleitzen zaion zaurgarritasun indizera. Ez da zehazten, ordea, zein izan daitekeen balizko indize hori. Eta indize horri ematen zaion balioak erabat baldintza dezake neurrien eraginkortasuna desorekak murrizteko, mantentzeko edota are gehiago handitzeko. Era berean, balizko “oreka” eta “zaurgarritasun indize” horretara gerturatzeko eperik ere ez da aipatzen.
Eta, hau guztia airean izanda, plangintza ofizioz aldatzeko aukera ere irekita uzten duela adierazten du Hezkuntza Sailak. Hau da, eskola publikoaren ikaspostu, gela eta ikas‐lerroak ziurtatu eta lehenetsi gabe, orekarako neurriak zehaztu eta bermatu gabe, ofizioz eta nahi duenean, itunpeko ikastetxeetako ikaspostuak, gelak eta ikas‐lerroak handitzeko aukera irekiko omen du lantzen ari den dekretu eta aginduen bidez. Erabaki hau justifikatzen du ikasturtea hasita datozen ikasleak itunpeko ikastetxeetara bideratzeko aukera izatearekin.
Behin eta berriro esan dugu desorekaren arrazoia ezin dela jarri jatorria atzerrian duten familietako ikasleengan, egoera sozioekonomiko zaila pairatzen dutenengan edo zaurgarriak diren ikasle edo familiengan. Diskriminatzaileak izateaz gain, neurriok hezkuntza publikoa jasotzeko duten eskubidea urratzen dute, eta ez dute eragin esanguratsurik desoreka handia den errealitateetan. Kontrara,proportzioan gehiago diren heinean, Euskal Herrian jatorria dutenen edo egoera sozioekonomiko hobea dutenen banaketak eragin handiagoa du desorekan eta, ondorioz, orekan. Bestalde, ikasturtea hasita eskolatzen diren ikasleen banaketak, jada eskolatuak direnekiko askoz ere gutxiago diren heinean, oso eragin eskasa du desoreka handiak diren kasuetan.
Hezkuntza Sailak proposatutako zaurgarritasun indizearen araberako ikastetxekako ikasleen banaketak desoreka bideratzen lagun dezakeela uste dugu. Baina, horretarako, bermatu behar da: 1) Eskola Publikoa lehenetsi, babestu eta bermatuko duen planifikazioa ongi egitea; 2) zaurgarritasun indizeak toki bakoitzean jatorriaren, indize sozioekonomikoaren, hizkuntza ezagutzaren eta beste zaurgarritasun adierazleen baitako errealitatea modu egokian jasotzea; 3) ikasle zaurgarri eta ez zaurgarriak ikastetxeen artean modu egoki eta proportzionalean banatzea herriko ikastetxeak Ordiziako errealitatearen isla izan daitezen; eta 4) orekara iristeko epe onargarriak ezartzea.
Bestelako tokian tokiko zehaztapenik gabe, Hezkuntza Sailaren proposamenak ez ditu zerrendatutako alderdiak ziurtatzen. Eta gainera, Eskola Publikoa lehenetsi, babestu eta bermatu gabe planifikazioa eskarira lotzen du, eta ofizioz eta nahi duenean itunduriko ikaspostuak, gelak eta ikas-lerroak handitzeko aukera irekitzen du. Hau horrela gertatzen bada, ondorioa garbia da: Ordizian hain larria den desorekak apenas egingo du onera edota betikotu egingo da eta ikasleak Eskola Publikotik itunpekora desbideratzeko atea irekiko da parez pare.
Hezkuntza Sailari Ordiziako egoera bideratuko duten erantzunak eta neurri zehatzak eskatzen dizkiogu. Ez dugu onartuko egoera bere horretan utzi edo okertuko duten neurririk. Ordizian, Eskola Publikoaren oraina eta etorkizuna daude jokoan, baita Ordiziako elkarbizitza, aniztasunaren trataera, inklusioa eta euskalduntzea ere.
Sobre este blog
Viento del Norte es el contenedor de opinión de elDiario.es/Euskadi. En este espacio caben las opiniones y noticias de todos los ángulos y prismas de una sociedad compleja e interesante. Opinión, bien diferenciada de la información, para conocer las claves de un presente que está en continuo cambio.
0