Has elegido la edición de . Verás las noticias de esta portada en el módulo de ediciones locales de la home de elDiario.es.
Sobre este blog

Viento del Norte es el contenedor de opinión de elDiario.es/Euskadi. En este espacio caben las opiniones y noticias de todos los ángulos y prismas de una sociedad compleja e interesante. Opinión, bien diferenciada de la información, para conocer las claves de un presente que está en continuo cambio.

Euskararen Eguna, Egunaren Euskara

Felipe Juaristi

Euskarari buruz idazten?, galdetuko lidake lagun minak, orain dela gutxi zin egin nionean ez nuela sekula santan ezer idatziko euskararen kontuak argitzeko, edo garbitzeko, ez baita gauza bera, gauza bera dirudien arren. Hala esan nion burua tente eta makurtu gabe, besoak altxatuta eta eskuak luze zerura mehatxuka, Scarlett O´Harak zin egin zuen bezala: “Jainkoa lekuko, ez dut gehiago hemendik aurrera euskarari buruz eskuaz idatziko”. Baina bizitza luzea da, besteek besteetan besterik sinesten badute ere, eta haragia flakoa da eta, krisiaren eraginez, merke dago oso. Argitu eta garbitu, ezberdinak dira euskaraz. Argitu beharrekoak lagun artean argitzen dira, besteekiko atsegin-maitasunean, jakinik esandakoak ez dituela inork gaizki hartuko, onean baizik. Garbitu ordea, ezberdina da. Asko garbitu da gure herrian; esan nahi dut, garbitzaileen tribua ugaritu egin zela eta garbitzearen garbitzeaz dena garbi zegoela, inor gutxik ezer kontra esaten ez bazuen ere; edo, beharbada, horregatik.

Euskararen eguna ospatzen dugu, urtero bezala, ez dakit noiztik. Egia esan, euskara nire bizitzan garrantzitsua da eta bizitza garrantzitsua euskaraz egiten dut, biak, bizitza eta euskara, estimatzen ditudalako. Baina horrek ez nau besteak baino euskaldunago egiten. Badakit; lehiak eta lehiaketa ez beti leialak izan dira gure artean ea nor euskaldunago izan, baina irudipena dut gutxi zutela halakoek lehiatik, eta gehiago zutela lehoi erronkatik. Euskarak batzuk ez gaitu euskaldun egin, edo ez behintzat euskaradun ez diren euskaldun zigiludun batzuk baino gehiago.

Euskaldun askoren obsesioa euskararen kontuan neurri psikologiko guztiak gainditu ditu, trauma bihurtzeraino. “Trauma” hitza grekotik dator, “zauri” esan nahi du. Zer gara? Nor gara? Nor garela uste dugu? Kontraesan handia dago, zer garen uste dugunaren eta besteek zer garen uste dutenaren artean. Zer nolako eragina du euskarak gure identitatean?

Zer garen galdetzea, hitz egiten dugun hizkuntzaz galdetzea baino gehiago da. Pilotariak, pilota eskuan hartu eta frontoi handi sekulakoa ikusten duen bakoitzean, galdetuko balu zertan den jokoa, bertan behera utziko luke bera, edo eroriko litzateke ahuspez. Norbera ezagutzea ez da dirudien bezain erraza. Geure burua ezagutzen dugula uste dugu eta, batzuetan, gure tokiaz jabetu den fantasma edo mamua besterik ez dugu ezagutzen. Zenbat eta gehiago aztertu gure izaera., orduan eta gutxiago aurreratu haren ezagutzan. Eta zenbat eta ezagutza gutxiago, orduan eta ekintza txikiagoa, betiko zalantzan murgildurik. Nor naiz?

Ez gara harritu behar zer garen ez jakiteaz. Harritu beharko ginateke, dena dela, hori gorabehera, barre eta maitasun egiteko gauza izateaz aparte, zoriona edo haren antzeko zerbait sentitzeaz.

“Euskalduna naiz” esateak ez digu, dagoeneko, identitate erabatekoa ematen. Identitatea, munduko parte honetan, gero eta mugikorrago, hauskorrago eta arinagoa da. Euskaldun izateaz gainera, beste ezaugarri batzuk daramatzagu soin eta ariman. Izan gaitezke español, europar jator, Athletic edo Erreal zale, surrealismo edo sagardo miresle. Baina bihar bestelakoak izan gaitezke, ordena aldatuta. Norberak bere sinboloak daramatza, noranahi doalarik ere, ekipaiarik gabe badoa ere.

Badakigu badirela beste hizkuntzak, gureak ere badirenak, gure egiten ditugun neurrian. Euskaldun izanik, ez dut baztertzen erdaldun dena, edo ez dut baztertzen nire baitan erdaldun ere badena, noiz edo noiz kanpora ateratzen baita, bere burua erakutsiz. Ez dut inor ez ezer baztertu nahi, denok baikara lagun eta beharrezko gizarte bizigarria egin nahi badugu. Baina euskaldun izanik ez naiz euskaraz egiten dugun guztiaren aldarria jotzen hasiko.

Euskal hizkuntzatik euskal literaturara igaroz esango nuke euskal literaturan gauza batzuk negargarriak direla, eta beste batzuk txalogarriak, joera bat egon dela, den-dena Sabinoren komentuan sartzearen aldekoa, behartuta bada ere, eta horrek kalte egin diola euskarari, eta orain, ondorioak begi bistakoak direnean, antzematen dela, baina horrek axola gutxi duela, euskal literatura, espirituz, pattal dabilen literatura baita, baina ez erdaldunen eraginez.

Sobre este blog

Viento del Norte es el contenedor de opinión de elDiario.es/Euskadi. En este espacio caben las opiniones y noticias de todos los ángulos y prismas de una sociedad compleja e interesante. Opinión, bien diferenciada de la información, para conocer las claves de un presente que está en continuo cambio.

Etiquetas
stats