Has elegido la edición de . Verás las noticias de esta portada en el módulo de ediciones locales de la home de elDiario.es.
Sobre este blog

Euskal kulturaren berri izan nahi duzu? Gure musika, festibalak, esposizio artistikoak, dantza, zinema, antzerkia, festak eta euskal folkloreari buruzko kontu guztiak 'klik' batean. Klikatu on. Klikatu kultur On.

“Badira elebidun izan nahi duten gizarteak, eta Euskadiri begiratzen diote erreferentzia gisa”

Bingen Zupiria Durangoko Azokan

Maialen Ferreira

0

Bingen Zupiria (Hernani, 1961) Bilbon dagoen Euskadiko Artxibo Historikoan harrera egiten digu, euskal kulturaren asterik garrantzitsuenetako batean, Durangoko Azokaren astean. Azoka horretan, “elkarren artean harremana duten hiru idazle belaunaldi elkartuko dira, elkar ezagutzen, irakurtzen eta kritikatzen dutenak. Zerbait berria eta garrantzitsua da”, adierazi du Kultura sailburuak.

Euskarazko kultura-jardueretan parte hartzeari buruz egindako azken azterlanak, herritarren ia laurdenak eta euskal hiztunen erdiak euskarazko kultura-produktuak kontsumitzen dituztela azaltzen du. Euskal musikaren kontsumoak gora egiten du, baina liburuak eta zinema zenbaki berdinetan gelditzen dira. Datu horiek ikusita nola baloratzen duzu euskararen egungo egoera?

Garrantzitsua da Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen ia laurden batek euskaraz ekoizten den kulturaren berri izatea. Are garrantzitsuagoa da, ordea, euskal hiztunen ia erdiak baino gehiagok produktu horiek kontsumitzen dituztela. Hori estimazio handia da. Batzuetan ezkor samarrak gara gure balorazioetan; zenbaitetan, daturik gabeko balorazioak ere egiten ditugu. Kultur kontsumoak oso lotuta daude gizartean oro har gertatzen ari denarekin. Nire ustez, ikus-entzunezko edukiak hainbesteko indarrarekin sartu dira, eta hainbeste erakartzen dute adin guztietako jendearen arreta, kulturaren alor batzuk pixka bat bigarren mailan geratzen ari direla, eta hori da literaturaren kasua.

Dena dela, Durangoko Azoka ekitaldi paregabea da edozein euskaldunentzat

Badago zati sinboliko bat gure autoestimua aipatzen duena. Euskaraz hitz egiten dugun gizon-emakumeen komunitate txiki hau osatzen dugunok gure gizartean gure lekua aldarrikatzeko beharra sentitzen dugu. Garrantzitsua da, halaber, Azokak mende erdi baino gehiago irautea, hainbat arrazoi direla medio. Hau gauza berria da euskal kulturan. Dagoeneko 50 edo 100 urte baino gehiago bizitzen ari diren erakundeekin topo egiten ari gara, Euskaltzaindiaren kasuan bezala. Gure historian inoiz ez dugu izan hain aldi luzea. Durangoko Azokaren kasuan, garrantzitsua da erreferentzia gisa funtzionatzea eta gure sortzaileak erakartzeko gaitasuna izatea. Aurtengo azokan, iazkoan bezala, bat etorriko dira hiru idazle belaunaldi. Hiru belaunaldi dira elkarren artean harremana dutenak, elkar ezagutzen dutenak, irakurtzen dutenak, kritikatzen direnak. Hau zerbait berria da, eta garrantzitsua da.

Hala ere, Hezkuntza Sailaren azken datuek erakusten dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen euskarazko ezagutzak behera egin duela. Zer dela eta?

Hezkuntza Sailak proba diagnostikoak egiten ditu etengabe, eta une honetan txosten hori 2019an egin den azken proba egiteko prozesuan dago. Informazio asko dago, eta, beraz, behin betiko emaitzaren zain egon beharko litzateke. Litekeena da euskarazko presentzia garrantzitsurik ez duten ingurune soziolinguistikoetan bizi diren gazteek euskaraz hitzegiteko gaitasuna erabat garatu ez izana. Nik alde esango nuke, euskal hezkuntza-sistema gazte asko euskalduntzeko gai izan dela, eta hori aurrekaririk eta erreferenterik gabeko arrakasta iruditzen zait. Badira gizarte batzuk elebidunak izan nahi dutenak, galesa kasu, bat aipatzeagatik, erreferentzia gisa begiratzen digutenak. Segur aski, baita ere, planteatzen digu zenbait lekutan gazteenen hizkuntza gaitasun hori hobetu behar dugula, eta uste dut erronka bat dela gobernu osoarentzat eta herrialde osoarentzat.

Gasteizko Final Fouraren txostena errealista dela uste duzu? Historiako Final Fourik onena izan zela uste duzu, esan bezala?

Euskal erakundeek ez dugu atera ondorio hori. Final Fouraren balantze datuak antolatzaileek eman dituzte, beste batzuetan izan den bezala. Niri dakidanez, asteburu hartan, Euskal Autonomia Erkidegoko hotelak eta jatetxeak beteta egon ziren, eta pertsonalki egiaztatu ahal izan dut hori, gainera hiru lurraldeetan. Hori zen Eusko Jaurlaritzak operazio hartan konpromisoa hartzeko arrazoi nagusia. Eragin ekonomiko zehatzari dagokionez, egia esan, nik ia astero jasotzen ditut inpaktu ekonomikoei buruzko txostenak, eta batzuetan pentsatzen dut inpaktu horiek eskaintzen dituzten emaitzak batuz gero, Estatu Batuetako BPGa izango genukeela, ez Euskal Autonomia Erkidegokoa. Garrantzitsua da ikasketa horiek izatea, azterlan horien datu guztiak eta horietara iristeko modua doitzea. Nik uste dut Final Foura aukera bat zela, eta uste dut gustura egon beharko genukeela emaitza horiekin.

Espainiaren alde joango zara Eurocopan?

Ni Bilborekin eta Euskadirekin noa Eurocoparen egoitza gisa. Euskal erakundeek 2014an egin zuten apustua izan zen San Mames Eurocopako egoitza gisa eskaintzea lehiaketa hori egiteko, UEFAk Bilboko hautagaitza onartu zuen, eta, orain, partida horiek ahalik eta ondoen antolatzeko erronkari egin behar diogu aurre. Kasu honetan ere ekitaldi honek ekonomikoki balio izatea espero dut, Euskal Herriko ostalaritza sektoreak, jatetxeak, hotelak, merkataritza, tabernak, etb. asteburu honetan bizia izan dezaten. Bilbo Eurocoparen egoitza izateak dakartzan onurak Euskal Autonomia Erkidego osoan ikusiko direlako ere azaltzen da Jaurlaritzaren agerpena. Gauzak ondo egiten baditugu -eta ez dugu zertan ez egin-, gure irudia nazioartean sustatzeko eta proiektatzeko balioko du.

Kontrolatu al da animalien dopina 'idi probak' eta antzekoetan?

Legegintzaldi honetan, eta, batez ere, dopinaren aurkako lege berria onartu zenetik, aginpide eta garrantzi handiagoa eman zaio Dopinaren Aurkako Euskal Agentziari. Haren jarduera nabarmena izan da, eta hainbat jarduketatan berretsi egin da, adibidez, federaziokoak ez diren kirol-jardueretan egindako kontrolak edo animalien dopinaren mundua aztertzen duten kontrolak. Izan ere, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak probak egiten ari da, eta horretan ari gara.

Zer berri duzu Frantziako Tourraren irteerari buruz Euskadin?

Euskal erakundeek gure artean planteatu dugun ekimena da, Tourra Euskadira erakartzeko gai garen ikusteko, Europako errugbi finalekin egin genuen bezala, Final Fourarekin egin genuen bezala edo Eurocoparekin egin genuen bezala. Logika berean sartzen da: Euskadira lehen mailako nazioarteko ekitaldi bat erakartzea, erakundearen erronka bere gain hartzea eta gure ekonomia hobetzeko eta Euskadi mundura proiektatzeko erabiltzea. Horretan ari gara, eta espero dut ondo ateratzea. Albiste onak eta positiboak izango ditugu.

Zer egin daiteke ETB 1eko audientziak berriz flotatzeko?

Paperezko egunkariek egunero galdera bera egiten dutela suposatzen dut. ETB 1 herri honetako euskaraz hitz egiten duten herritarren telebista da. Euskal hiztunen erdiek euskarazko irratia kontsumitzen dute, irrati hori EITBkoa da, eta euskarazko telebistara gerturatzen dira, EITBko telebista baita. 24 orduz ez dute egiten, euren gustuko programak aurkitzen dituztenean hurbiltzen dira. Zorionez, ETB 1ek badu programazio bat non euskal herritarrok jarraitzen ditugun erreferentziak dauden eta ikus-entzule gisa ditugun espektatibak asetzen dituzten. Egia da ETB 1eko egungo programazioan genero batzuk falta direla, fikziozko programak, adibidez. Horrek gastu ekonomiko handiagoa eskatzen du. Aurten ahalegina egin da, eta datorren urtean ere egingo da, eta ETB 1ek fikziozko saio batzuk berreskuratu ahal izango ditu, eskaintza hori osatzeko.

Horretarako euskal bikoizketan dagoen krisia arazoa al da?euskal bikoizketan dagoen krisia

Egia da badagoela sektore profesional bat, txikia, baina badagoena, EITBk euskarari egiten dion bikoizketa-ordu kopurua murrizteko hartutako erabakiengatik lan-arloan eta profesionalki kaltetua ikusi dena. Euskarara bikoiztea EITBk osorik eta bakardadean egin duen jarduera da. ETB 2k gaztelaniaz emititzen dituen filmak bikoiztuta datoz eta azpitituluak gaztelaniara ekartzen dituzte, euskararekin ez da hori gertatzen. ETB 1ean bikoiztuta edo azpitituluekin eskaini nahi diren produktuak ahalegin ekonomiko eta profesional handia eskatzen dute. EITBk bere garaian hartu zuen bikoizketa horri eusteko eta bikoizketa hori indartzeko erabaki estrategikoa izan zen, batez ere gazteenekin zerikusia duen programazioan. Badugu egiteke, eta EITBk badu oraindik fikzioaren, telesailen edo filmen munduarekin eskaintza bat egiteko erronka.

Sobre este blog

Euskal kulturaren berri izan nahi duzu? Gure musika, festibalak, esposizio artistikoak, dantza, zinema, antzerkia, festak eta euskal folkloreari buruzko kontu guztiak 'klik' batean. Klikatu on. Klikatu kultur On.

Etiquetas
stats