24. Korrikako mezua zazpi euskal gaztek sortu dute: “Gure gutxieneko hizkuntza eskakizuna Euskal Herri euskalduna da”
Korrika helmugara iritsi da baina euskararen bidea jarraitzen du. Amaitu da 24. Korrika eta dagoeneko Euskal Herri osotik eskuz esku pasatu den lekukoaren barruko mezu sekretuaren edukia ezagutu da. Aurtengo mezuaren egileek, Oihana Arana Cardenal, Leire Casamajou Elkegarai, Elene Mengyu Larrinaga Bilbao, Oier Iñurrieta Garmendia, Aitzol Gil de San Vicente Pla, Xalbat Alzugarai Etxeberri eta Beñat Jusue Rosanok, plazaratu dute lekukoaren barnean iritsitako testua Bilboko udaletxe parean, Atharratzetik abiatu eta 11 egunera. Emozioz betetako ekitaldi batean, zazpi gazteek, bakoitza Euskal Herriko probintzia batekoa, mezua plazaratu dute: “Euskara gara diogu, ez euskara naiz, eta irudikatzen dugu besoak zabalik dagoen gorputz baten gisa, zeinak leihoak dituen begietan. Horrexegatik mintzo gara izateaz, egiteaz. Euskaraz egin, egiten da, baina izatea ez da edozein gauza, munta handikoa da. Izatea egotea ere bada, nonbait mugimenduan, borrokan” ,adierazi dute milaka pertsonen aurrean.
Sohüta, Urepele, Tutera, Hendaia, Barakaldo, Gasteiz eta Eskoriatzakoak dira Leire, Xalbat, Beñat, Aitzol, Elene Mengyu, Oier eta Oihana. Pizkunde berri bat abiatu beharra egonik, haiek aukeratu ditu AEKk, euskal gazteriaren ordezkari, gai horretan gazteak lehen lerrora ekartzeko asmoz.
Mezuaren bukaeran, egileek zuzenean interpelatu dute gizartea. “Bazatozte?”, galdetu dute, eta AEKk baietz erantzun du; eta herriari ere gauza bera erantzun dezala eskatzen dio, alegia, euskararen herriaren parte izan eta euskarara hurbil dadila. “Urrats bat eta bestea, gorputz egin dugu denona. Ez dezagula ahaztu hori bihar, bakoitza berera itzultzen garenean. Euskarak egin du gorputza. Hizkuntzak eraldaketarako tresnak dira, leku bat ematen digute bizi gaitezen. Euskarak herri hau eman digu. Horregatik mintzo gara izateaz, egiteaz. Euskaraz egin egiten da, baina izatea ez da edozein gauza. Izatea egotea ere bada, nonbait mugimenduan, borrokan”, izan dira mezu sekretuak gordetzen zituen hitzak.
Ondoren, AEKko Nazio Kontseiluko kide Lurdes Etxezarreta Artabek AEKren izenean hitza hartu, eta Euskal Herriko gazte euskaldun eta euskaltzale guztiak lekukoa hartzera deitu ditu, “bagoaz zuekin pizkunde berri batera!” adierazteaz batera. “Gazte, baina ez horren gazte” direnei euskaltegietako ateak zabalik dituztela gogorarazteaz gain, “hizkuntzarik ez duen herri bat ez dela herri izango” aipatu du. Gainera, mezua ere gazteleraz eta frantsesez adierazi du: “Gure herrian badago denontzako lekua. Berdin dio zein diren jatorri, azal-kolore edo euskararen gaineko ezagutzak. Denon artean eraikita, azkenean aurkituko dugu gizarte-zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, Euskal Herri feminista, antirrazista, goxoa... eta euskalduna!”, esan du txaloveta irrintzien artean.
“Euskara egunero hartzen dugun hautua da. Egunero aktibatzen dugun konpromisoa. Denon ardura da, herritarrona, eragileena eta instituzioena, eta batez ere, ordezkari politikoei dagokie babes juridiko eta politikoa zihurtatzea”, esan du. Zentzu honetan, aipagarria da EH Bildu, EAJ, Geroa Bai eta Sortu alderdi politikoek lekukoa partekatu dute,a Bilboko azken kilometroetan. “Beharrezkoa da, azken batean, euskara ikastea doakoa eta irisgarria izatea, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan urratsak ematea, eta erabilerarako espazioak sortzea, garatzea eta elkarlotzea. Ez gara folklorea, euskara gara. Milaka eta milaka euskal herritarrok garbi adierazi dugu 11 egunez gutxieneko zein hizkuntz eskakizuna nahi duen herri honek: Euskal Herri euskalduna. Hori da gure gutxieneko hizkuntza eskakizuna”, esan du Etxezarreta Artabek.
Bukatzeko, hamaika egunez egindako 2175 kilometroetan eta 3436 lekuko-hartzeetan maiz bezala, 24. Korrikaren kanta entzun da. Ekitaldiak hainbat gunetan egingo dira, egun osoan, publiko-mota guztiei begira. Batetik, Zetak, LaBasu, Añube, Bele eta Mixerabliak artistek, besteak beste, kontzertuak eskainiko dituzte. Bestetik, azoka, herri-kirolak, herri-bazkaria, erakusketak eta abar izango dira Bilbon.
0