Ane Elordi, Korrikaren koordinatzailea: “Jai-giroak aldarrikapena gainditzeko arriskua dago”
“Biziberritzen ari den komunitate aske eta irekia gara. 'Euskara gara' leloak begi-bistako mezua du: euskarak pertsona guztiak bil ditzake. Euskara ez da muga; arnasa da. Zubi gisa landu behar dugu”, adierazi zuen Ane Elordik, Korrikaren arduradunak, euskararen lasterketaren aurkezpen sozialean orain dela aste batzuk. Korrikak jada milaka kilometro igaro ditu euskararen herriatik baina polemikak ere sortu dira, CCOOren partaidetzaren inguruan, alde batetik, eta Patxi Ruiz ETAko kidearen argazkiak ikusi zirenean Txantreatik Korrika igaro zenean, bestetik. Hala ere, Elordi prest agertu da “zubiak eraikitzeko”. “Oro har, gu prest gaude edozeinekin bildu eta zubiak eraikitzeko. Etorriko dira elkartu eta hitz egiteko sasoiak ere”, adierazi du.
Korrika euskararen inguruan egiten den ekitaldirik jendetsuenetarikoa da. Nola sortu zen?
Orain dela 45 urte beharrizana ikusi zen euskararen aldeko ekimen bat egiteko eta behar hori sustatu eta kalera ateratzeko. Garai haietan gau eskolak aktibatzen hasi ziren, AEK saretzen hasi zen Euskal Herri osoan eta helduen euskalduntzeari aurre egiteko baliabide ekonomikoak behar ziren denbora oso laburrean. Bertatik sortzen da Korrika egitearen bidaia. Egia da 45 urte eta gero oraindik badela jende gehien batzen dituen euskararen inguruko egitasmoa. Gainera, nazioarteko egitasmoa da, hiru administrazio publikoetatik igarotzen delako, bi estatu tartean, eta euskarak batzen dituelako herri guztiak.
AEK-Korrikako ordezkariek gogorarazi dute Korrika ez dela soilik festa. “Ez gara folklore, euskara gara”, adierazi dute. Korrika bakarrik festa bat bezala ikusteko arriskua dago?
Bai, jai-giroak aldarrikapena gainditzeko arriskua badago. Guk esaten dugu korrika egiten dugula presa dagoelako, euskarak presa dauka bizirauteko, eta horregatik sortu zen eta oraindik horretan jarraitzen dugu, eskuz esku lekukoa eramaten eta gaur egungo jardunean. Ez dugu folklore hutsean gelditzea nahi eta horregatik Korrikara hurbiltzen diren eragile eta norbanakoei ere konpromisoak eskatzen zaizkie. Euskararen alde egon bai, baina egin ere egin behar dela.
Atharratzen azpimarratu zen euskararen lurraldean hiru egoera oso desberdin bizi direla. Iparraldean eta Nafarroaren toki batzuetan euskara oraindik ez da ofiziala. Urteetan zehar Korrikaren helburua aldatuz joan da edo desberdina da toki bakoitzeko errealitatea ikusita?
Helburua berbera izan da beti. Gari Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok ateratako liburuan argi ikusten da, ez badugu ezer egiten, atzerantz joateko arriskua dago. Beraz, bada momentua euskararen iraupen hori bermatu nahi bada, zerbait egiteko. Tartean ere Euskalgintzaren Kontseiluak pizkundearen dinamika abiatu du eta Korrika ere horren guztiaren ale bat bada. Beharrezkoa da bi urtetik behin euskara erdigunean jartzea, 10 egunetan baino ez bada gure baloreak lehen lerrora ekartzea eta hori da Korrikaren betebeharretako bat. Euskararen herriko mapa josten dugu Korrikarekin eta horrelako tokietan non ofizialtasunik ez dugun oraindik eta egunerokotasuna beste leku askotan baino zailagoa den, Korrika bada indar-hartze ariketa kolektibo izugarria. Oso berezia izaten da hainbat herrietatik igarotzea.
Ez dugu folklore hutsean gelditzea nahi eta horregatik Korrikara hurbiltzen diren eragile eta norbanakoei ere konpromisoak eskatzen zaizkie. Euskararen alde egon bai, baina egin ere egin behar dela
AEKtik ere aipatu duzue Korrikaren inguruan doktoretza tesi bat egin dela. Zer erakutsi edo argitu du?
Jon Zabalak egindako tesia da. Beti esan izan dugu Korrika emozioetan eragiten duela, eta berak guzti hori hitz tekniko ederretan jaso eta zientifikoki frogatu du. Hau da, Korrikak parte hartzen dugunon ongizatean eragina duela eta ongizate hori ez dela bakarrik momentukoa, gerora ere mantentzen dela frogatu du.
Korrikak lortzen du AEKren finantzaketaren parte handi bat. Hala ere, zein momentu ekonomikoan dago AEK? Erakundeen partetik laguntza falta sumatzen duzue?
45 urte daramatzagu Korrika egiten, eta egia da aurrerapausoak nabarmenak direla, baina herrialde guztietan euskararen egoera ez da berdina. Ondorioz, gure administrazioek ere ez dute berdin jokatzen. EAEn badugu finantziazio lerro bat, ez guk nahi bestekoa batez ere doakotasunaren aldarria egiten dugu, ikasleek doan ikasi ahal izateko. Nafarroan azken urteetan dirulaguntzak gora egin dute, hala ere, ez da nahikoa. Eta azkenik, Ipar Euskal Herrian oraindik bide oso luzea dago egiteko. Beraz, erakundeen laguntza bai baina guk benetan eskatzen duguna da euskara agenda politikoetan txertatu, lehen lerrora eraman eta hizkuntza politika sendo eta ausartak egin beharra.
Zelan bizi izan duzue CCOOren parte hartzearekin gertatu dena? Beraiek 'apartheid' hitza erabili dute.
Argi esan dugu AEK ez duela bateragarri ikusten helegiteen bultzatzaile izan eta sindikatu horren zuzendaritzak Korrikaren lekukoa eramatea, gero parte hartzeko moduak ezberdinak dira baina behintzat lekukoa hartze hori egiten baldin bada errespetuz eta konpromisoz izan behar dela. Haiek ez zuten haien burua 24. Korrikan ikusi eta gero danok dakigu hedabide batek edo bestek zer ikuspuntutik azalarazten dituen berriak. Oro har, gu prest gaude edozeinekin bildu eta zubiak eraikitzeko. Orain arte ere parte hartu izan dute, baina momentu honetan beste alde batera begiratzea ezinezkoa zitzaigun. Etorriko dira elkartu eta hitz egiteko sasoiak ere.
Beharbada euren kideen artean ere ezberdintasunak egotea. PSE-EEk adibidez, Korrikan parte ez hartzeko erabakia hartu zuen baina astelehen honetan Milagron, PSNk lekukoa eraman du. Eta gero Cristina Labordak Irunen ere, esaterako.
Bai. AEK eta Korrikak badira elementu integratzaileak euskararen inguruan baina garrantzitsuena bada euskararen alde egon eta egitea, eta euskararen alde egiten ez baduzu ere kontran ez egitea.
Covitek eta Buesa Fundazioak salatu dutenez, Patxi Ruiz ETAko kidearen argazkiak ikusi dira Txantreatik Korrika igaro zenean. Zer iruditzen zaizue?
Gai honen inguruan ez dugu adierazpenik egiten, baina egia da guk lekuko eramaile guztiei zenbait ohar ematen dizkiegula, tartean peto zenbakiduna jantzita eramatea. Kasu honetan agerikoa da gure oharrei muzin egin dietela, ez dago gure esku hortik aurrerakoa, baina bada beste modu bat fokoa aldentzeko. Milaka kilometro eginda ditugu dagoeneko eta kilometro bakarrean ikusi da horrelako zerbait.
Argi esan dugu AEK ez duela bateragarri ikusten helegiteen bultzatzaile izan eta sindikatu horren zuzendaritzak Korrikaren lekukoa eramatea
Sorpresarik egongo da Bilbon Korrikaren amaieraren ekitaldian?
Bai. Bilbo seguru berezia dela, eragile asko batuko dira bertan eta egun osoko egitaraua antolatuta dago.
Euskararen erronka ez da Korrikarekin amaitzen. Eta Martxoaren 30etik aurrera zer?
Gure kezka da behin amaierara iritsi eta azken bietan Baiona eta Donostia izan diren moduan jendez bete dira, euskararen uholdea izan dugu bi hiriburu horietan eta espero dugu Bilbo ere bide beretik joatea. Baina gure kezka zen zer egin bertan metatzen den indar guzti horrekin, nola kanalizatu euskararen aldeko gogo hori. Eta garrantzitsua iruditu zitzaigun konpromiso batzuk hartzea AEK moduan eta 'Euskara gara' lelopean 'Euskara izango gara' ere aldarrikatzea Martxoaren 30etik aurrera.
0