Heldu da Euskaraldia: 15 egun euskaraz bizitzeko prest?
Hasi da Euskaraldiaren bigarren ediziorako atzerako kontua. Ostiral honetatik aurrera izena eman duten 147.000 lagunek eta azaroaren 24rarte izena eman nahi dituztenek 15 egun igaroko dituzte euskaraz bizitzen Euskal Herri osoko 421 udalerritan.
Aurten ere, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea helburu duen ariketa soziala Euskal Herri osoan aldi berean egingo da, duela bi urteko ariketan egin zen bezala. 'Ahobizi' eta 'Belarriprest' rolak betetzeko izena eman duten herritarrek izango dira ekimenaren protagonistak hurrengo asteetan eta bigarren Euskaraldi honetan gainera, milaka entitatek sortu dituzten ariguneak ere izango dira, euskaraz lasai aritzeko guneak.
Antolatzaileek izen-emate epea azaroaren 24rarte luzatzea erabaki dute, eta gizarte osoa kolpatzen ari den COVID-19aren eragina Euskaraldian ere nabarituko dela onartu arren, hurbileko harreman sareetan hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa egiteko aukerak daudela azpimarratu dute. Horien artean, ingurune digitalean ditugun harremanetako hizkuntza, adibidez.
Guztira 147.000 lagunek eman dute izena Euskaraldiaren hasieraren atarian. Partaide horietatik %79k eman du 'Ahobizi' modura jarduteko izena eta %21 arituko da 'Belarriprest' rolean.
Euskal Herri osoko 421 udalerritan antolatu da ekimena. Lurraldez lurralde, izena eman duten herritarren %9 Arabakoa da, %33 Bizkaikoa, %44 Gipuzkoakoa, %12 Nafarroakoa eta %2 Ipar Euskal Herrikoa. Aurten, gainera, aipagarria da Euskal Herritik kanpo bizi diren ehunka lagunek ere eman dutela izena Euskaraldian parte hartzeko. Partaideen ezaugarriei dagokienez, izena eman dutenen %63 emakumezkoa izan dela azpimarratu da, eta izena eman duten lagunen artean %27k ez dute aurreko edizioan parte hartu.
“Gizarte harremanak mugatuta dauden honetan bai Euskaraldiaren prestaketa eta hedapenean zein ariketan bertan kale presentziaren eta harreman sozialen apaltzeak ariketa baldintzatu du. Era berean, arigune guztiek beraien jarduera normaltasunez ezin garatu izanak eragina izango du”, aitortu dute antolatzaileek.
Izan ere, 2018an, 225.000 lagunek hartu zuten parte. Horregatik, aurtengo edizioan ilusioak Euskaraldiaren berrikuntza nagusian daude jarrita: ariguneak. Era guztietako 6.800 entitatek 25.000 arigunetik gora sortu dituzte euskara erabiltzeko babestutako guneak ariketa taldean egin ahal izateko. Antolatzaileek entitate hauen ahalegina azpimarratu dute, “egoera zailean egon arren, Euskaraldian parte hartzeko apustua egin dutelako”.
0