eldiario.es

Menú

Zertarako hitz egin?

Izenburuaren galderarentzako erantzun bat baino gehiago daude: hitz egiten da komunikatzeko, konbentzitzeko, dakiguna adierazteko eta abarretarako

- PUBLICIDAD -

Izenburuaren galderarentzako erantzun bat baino gehiago daude: hitz egiten da komunikatzeko, konbentzitzeko, dakiguna adierazteko eta abarretarako. Horiek dira ohiko adierarik arruntenak. Baina nork, non eta norentzat hitz egiten duen kontuan hartuta, zertarako hitz egiten den galderarentzat beste esanahi batzuk ere aurkituko ditugu.

Jende aurrean hitz egiten denean zirkunstantzia desberdinetan egon daiteke bat: eskola ematen, hitzaldi bat, mitin bat edo erakunde batean proposamenen bat egiten edo eztabaidatzen. Diskurtsoak, beraz, tokiaren, hartzaileen eta helburuaren arabera oso era desberdinetakoa izan daitezke: erretorikoak, polemikoak edo argumentatzaileak, adibidez, eta edozein motatakoa dela ere, beti daude hizkuntza batean esaten diren hitzekin eraikiak. Eta hitzen balioa, gaur egun askotxo debaluatua dagoen arren, oso handia da, are handiagoa zuzen eta zilegitasunarekin erabiltzen badira forma eta esanahi aldetik.

Ez da nire asmoa gure politikoen edo ordezkarien diskurtsoen edukia baloratzea, batzuetan erabiltzen duten formari buruzko gogoeta bat egitea baizik.

Eguneroko bizitzan “politikoki zuzena” denari hainbesteko pisua ematen zaion garai hauetan, ustezko zuzentasun horrek hitz egiteko formak ere erabat blaituta dauzka. Nafarroan eta Euskadin, non bi hizkuntza hitz egiten diren, politiko eta erakundeetako ordezkari askorentzat hizkuntzen erabilerarekiko zuzentasuna biak erabiltzean oinarritzen dute, baina horretarako arrazoiak desberdinak dira. Kasu batzuetan begibistakoa da hizlariak bi hizkuntzak ezagutzen dituela erakutsi nahi du; beste batzuetan, aldiz, euskara jakin ez arren, entzule euskal hiztunenganako errespetuagatik, esaldi batzuk bederen euskaraz esaten ditu, eta horren lekuko dira kanpotik etortzen zaizkigun gonbidatu eta ordezkariak, adibidez.

Baina nork, non eta norentzat hitz egiten duen kontuan hartuta, zertarako hitz egiten den galderarentzat beste esanahi batzuk ere aurkituko ditugu

Jaurlaritzatik hasi eta beste erakunde guztiek, euskaltegiek, hainbat eta hainbat elkartek eta abarrek denbora luzea daramagu euskara ikasten jarraitzeko beharra azpimarratzen, baina batez ere ikasitakoa hitz egiteko premia aldarrikatzen. Eta berriki bonbilla gorriak ere piztu zaizkigu ezagutzaren eta erabileraren arteko aldeagatik. Kanpainak egiten ditugu erabilera sustatzeko, nahi den eremu guztietan hitz egiteko.

Ordezkari politiko gutxi dira, ordea, agerraldi publikoetan euskara normal erabiltzen dutenak, euskaraz hitz egiten dutenak esan nahi dut, ez bada erakundeen batzarretan (Legebiltzarrak, Batzar Nagusiak, Udalak), eta kasu horietan euskara erabiltzen da badirelako interprete profesionalak esan osteko interpretazioaren bidez (hizlariak hitz egin ondoren egiten da itzulpena) edo aldi berekoaren bidez (hizlaria hitz egiten joan ahala itzultzen da) gaztelerazko bertsio zuzena ematen dutenak. Euskaraz, dena dela, ia beti aurrez idatzitako diskurtsoak irakurtzen dira. Azken boladan erakundeetan sartu diren ordezkari berri gehienek baita gaztelerazko azalpenak ere idatzita eramaten dituzte

Garai batean hizlari elebidun gehienen ohitura zen euskaraz agurtu eta amaitu, eta gehienez euskarari buruz hitz egiteko euskara erabiltzea. Azken urte hauetan, baina, beste ohitura bat dago zabalduta: bi hizkuntzak, euskara eta gaztelera tartekatzea, tartekatze hutsaren irizpidea jarraituz. Alegia, euskaraz esaldi bat edo bi, gazteleraz beste zatitxo bat, berriro euskaraz..., eta horrela entzule elebidunak eta itzulpena dagoen kasuan baita elebakarrak ere nekatu arte, eta gainera, batzuetan euskaraz esaten dutena gazteleraz errepikatzen dute, entzuleak are gehiago nekatuaz. Entzuleak etengabe hizkuntza aldatzera behartzen dira horrela, eta zer esanik ez itzultzaileak dauden kasuan, horrelakoetan ia ezinezkoa izaten delako mintzaldi jarraitua, zentzua daukan mezua ematea, nola eta ez den hizlariak hitz egin ondoren itzultzen. Bi hizkuntzak erabili nahi dituenak (euskaratik gaztelerarako itzulpena egonda euskara hutsean hitz egin dezake ere), multzo osoak egin ditzala.

Zuzen eta egoki hitz egiten ikasteko ikastaroak ematen dira han hemenka; ea bada zuzentasun irizpideen barruan hizkuntzen erabilera nola tartekatu ere erakusten den, hizkuntzek elkar ulertzeko tresna izaten jarrai dezaten, eta ez ezer justifikatzeko, maila horretako norberaren jakintza maila erakusteko edo komunikazioa eragozten duten beste helburu batzuetarako. “Hablando se entiende la gente” esapidea praktikara eraman dezagun.

- PUBLICIDAD -
- Publicidad -

Comentar

Enviar comentario

Enviar Comentario

Comentarios

Ordenar por: Relevancia | Fecha