Has elegido la edición de . Verás las noticias de esta portada en el módulo de ediciones locales de la home de elDiario.es.
La portada de mañana
Acceder
El Gobierno afronta la derrota del decreto de alquileres y Junts señala cómo reactivarlo
El ataque de la cena de corresponsales pone en la diana la seguridad de Trump
Opinión - 'Contra Ayuso: ¿Mónica García o Emilio Delgado?', por Raquel Marcos
Sobre este blog

Viento del Norte es el contenedor de opinión de elDiario.es/Euskadi. En este espacio caben las opiniones y noticias de todos los ángulos y prismas de una sociedad compleja e interesante. Opinión, bien diferenciada de la información, para conocer las claves de un presente que está en continuo cambio.

Jaurlaritzaren eskolatzea: oreka hitzetan, desoreka erabakietan

Begoña Pedrosa, Hezkuntza sailburua

0

Pasa den martxoaren 24an, Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitateak kezka eta harridura handiz jaso zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2026-2027 ikasturterako matrikulazio-prozesuan egindako esku-hartzea. Azken urteotan behin eta berriz salatu den eskola-segregazio egoeraren aurrean, neurri eraginkorrak hartzea espero genuen. Baina gertatutakoak, eta atera berri diren behin betiko zerrendetan berriro agerian geratu denak, erakusten du berriz ere norabide okerrean goazela.

Hezkuntza Sailak aurten lau familien eskolatzean esku hartu du egoera larriaren konponbide moduan: horietako bi eskola publikotik itunpeko ikastetxera bideratu ditu, eta beste bi, berriz, eskola publikora. Erabaki horrek ezinbestean galdera bat sortzen du: zein logikari erantzuten dio esku‑hartze honek?

2026-2027ko matrikulazio datuei begiratuz gero, Eskola Publikoan matrikulatzeko eskaera egin duten familien %58ak jatorria atzerrian du eta familien %63ak ez du euskara ezagutzarik. Egoera sozioekonomiko zailean dauden familietako ikasle gehienek Eskola Publikoan eman dute izena. Baina, azken datuak horiek izanda ere, Eusko Jaurlaritzak dio Ikastetxe Publikoaren zaurgarritasun indizea soilik %25ekoa dela; eremukoa, berriz, %21,43koa. Datu horiek ikusita, zaila da ulertzea Eusko Jaurlaritzaren esku-hartzea, baldin eta helburua benetan desoreka murriztea bada. Are gehiago, azken urteotan agerian geratu denez, Ordizian jatorriaren, euskara ezagutza eta egoera sozioekonomiko araberako desoreka handiak daudela funts publikoekin finantzatutako ikastetxeen artean.

Egoera hori ez da berria. Arartekoak berak, azken 7 urteetako Legebiltzarrerako txostenetan eta bi ebazpen irmotan (597/2019/QC eta 2025R-11-24), Ordiziako eskola‑segregazioaren inguruan ohartarazi du, eta neurri zuzentzaileak eskatu dizkio Hezkuntza Sailari. Bere azken txostenean, gainera, argi adierazi du: desoreka justifikatzen duten azalpen formalek ezin dute ordezkatu benetako neurri eraginkorrak. Legeak berak —LOMLOE legeak eta Euskal Hezkuntza Lege berriak— administrazioari eskatzen dio ikasleen banaketa orekatuagoa bermatzeko jardutea.

Horregatik, ez da erraza ulertzen zergatik jarraitzen den erabaki isolatu eta zailak justifikatzen dituzten esku‑hartzeekin, arazoaren muinari heldu beharrean. Are gehiago, Ordiziaren errealitate demografikoa kontuan hartuta: Euskal Herrian migrazio‑tasarik altuena duen herrietako bat da (%21,5), eta azken urteetan tasa hori etengabe handitzen ari da. Izan ere, 2‑3 urteko adin‑tartean, bi ordiziarretatik ia batek familiaren jatorria atzerrian du. Testuinguru horretan, aniztasun hori gure hezkuntza‑sisteman modu orekatuan kudeatzea ezinbestekoa da.

Ordiziako eskola publikoak urte luzez egin du lan komunitate ireki, inklusibo eta euskaldun baten alde. Familiekin, irakasleekin eta herriko eragileekin batera egindako ahaleginari esker, aniztasuna aberastasun gisa bizitzeko espazio bat eraiki dugu. Baina inklusioaren aldeko konpromiso horrek ezin du esan nahi ardura hori eskola publikoaren gain bakarrik uztea.

Hezkuntza sistema publiko baten helburua aukera‑berdintasuna eta gizarte‑kohesioa bermatzea da. Horretarako, funts publikoekin finantzatutako ikastetxe guztiek partekatu behar dute erantzukizuna, modu orekatuan eta bidezkoan. Bestela, desoreka ez da murrizten: betikotu egiten da.

Erabat eztabaidagarria den desoreka neurtzeko jaurlaritzaren indizeak dioena dioela, eskuragarri dauden eta kontrastatu daitezkeen datu objektiboek erakusten dute Ordizian desoreka oso handiak daudela. Eusko Jaurlaritzak modu orokorrean hartu dituen neurriak eta orain arte harturiko erabakiak ez dira nahikoak izan Ordiziako desoreka bideratzeko. Gure herriko eta antzeko egoeran dauden herri eta auzoetan premiazkoak dira desoreka hauek modu esanguratsuan gutxitzeko esku-hartze bereziak, ikasleak familien jatorriaren, euskara ezagutzaren edo egoera sozioekonomikoaren baitan modu orekatuan banatuz. Posible den heinean, familien ikastetxea aukeratzeko askatasuna kontuan hartzea komeni da, baina herriko orekaren gainetik jarri gabe. Neurri hauek ezinbestekoak ditugu herriko aniztasuna modu aberasgarrian bizitzeko eta elkarbizitza, berdintasuna, justizia soziala, inklusioa eta euskalduntzea bultzatzeko.

Horregatik, Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitatetik dei argia egiten diogu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari: gardentasunez jokatu dezala, datuak modu sinesgarrian azal ditzala eta, batez ere, benetako neurriak har ditzala Ordiziako eskola‑segregazioari aurre egiteko. Ez dugu adabaki puntualik behar; plan sendo eta ausarta behar dugu.

Herriko ikastetxeen egonkortasuna eta ikasleen banaketa orekatuagoa bermatuko duen plana behar dugu. 

Bada garaia horretarako.

Sobre este blog

Viento del Norte es el contenedor de opinión de elDiario.es/Euskadi. En este espacio caben las opiniones y noticias de todos los ángulos y prismas de una sociedad compleja e interesante. Opinión, bien diferenciada de la información, para conocer las claves de un presente que está en continuo cambio.

Etiquetas
stats