Euskaldunek agur esan diote Euskaraldiari musikaz eta kulturaz beteriko ekitaldi batekin
15 egun igaro dira azaroaren 20tik Euskal Herriko lagunek euskeraz soilik mintzatzeko konpromesua hartu zutenetik. 15 egun hauetan guztira 179.780 pertsonek parte hartu dute Euskaraldia ekimenaren bigarren edizioan. Nahiz eta ostiral honetan bukatu, egun bat lehenago, Euskararen eguna izanda, Bilbon agurtzeko ekitaldi bat prestatu dute, Azkuna Zentroan.
Ekitaldian kultura eta mugimendu euskaltzalearekin erlazionaturiko hainbat pertsonak parte hartu dute. Horien artean, Xabier Madariaga, kazetaria; Katixa Aguirre, idazlea; Zea Mays musika taldea, Peru del Hoyo, rap abeslaria; Ibarrekolandako ikasleak; Nagore Uriarte, kazetaria; eta Bilboko mugimendu euskaltzaleko Hirune Zabala eta Aitor Argote.
“Euskaraldia hizkuntza normalizaziorako entrenamendua da, bakoitzak bere burua prestatzeko, ahalduntzeko, euskalduntzekoa. Esaera zahar batek dio, tximeleta baten hegalen mugimendu soilak mundua alda dezakeela. Euskararen munduak espazio eta plaza berriak behar ditu baina horretarako erabili egin behar da eta batera erabili behar dugu”, adierazi dute ekitaldian.
“Da tresna. Da lanabes. Akuilu eta ezten. Hitz samurra zorigaitzean. Berba alaia pozean. Helduleku zein helmuga. Da komunikabide eta da hartu-eman. Euskara da. Eta gehiago, gehiagorekin gehiagotan erabiltzeko asmoa dugu”, da arduradunek bidali duten euskararen erabilera sustatzeko bidali duten mezua.
Ariketa sozialaren arduradunek ostegun honetan jakitera eman dutenez, pertsona gehienek ahobizi modura parte hartu dute, %77k izan ere eta %23k belarriprest modura. Euskaraldiaren bigarren edizioa ostiral honetan amaituko da. Izen-ematea azaroaren 24an itxi zen, eta herriz herri jasotako datuak bateratu ondoren, antolatzaileek bigarren Euskaraldiaren datu nagusiak aurreratu dituzte ostegun honetan.
Izena emandakoen %62 emakumezkoa izan da, eta partaideen %29k esan du ez zuela lehen Euskaraldian parte hartu. Lurraldeei dagokienez, %44k Gipuzkoan eman du izena, %34,25ek Bizkaian, %11k Nafarroan, %8,5ek Araban, %2,1ek Ipar Euskal Herrian (%1,5ek Lapurdin, %0,5ek Behe Nafarroan eta %0,1ek Zuberoan) eta %0,25ek Euskal Herritik kanpo, diasporan.
Azkenik, adin tarteei dagokienez, parte hartzaileen %23k 16 eta 29 urte artean ditu, %35ek 30 eta 44 urte artean, %29k 45 eta 59 urte artean eta %12k 60 urtetik gora.
Hala ere, ekimena baloratzeko agerraldia ostiralean bertan egingo dute, Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ingenieritza Fakultateko areto nagusian, 11:00etan.
0