Has elegido la edición de . Verás las noticias de esta portada en el módulo de ediciones locales de la home de elDiario.es.

Irizpide epidemiologikoak, irizpide logikoak

El ministro de Sanidad, Salvador Illa
3 de diciembre de 2020 20:59 h

0

Politika, ekonomia, erlijioa, familia eta tradizioa. Horiek izan dira 2020ko Gabonak diseinatzeko irizpideak. Ez dira irizpide epidemiologikoak. Kasu batzuetan, gainera, ez dira irizpide logikoak.

Teorian, egoera txarra dela esaten digute. Jaurlaritzak beheranzko joera ere aldatu daitekeela ohartarazten du. Gogoratzen digute etxe barruan egiten diren bilerak direla, hain justu, kutsatze arriskua biderkatzen dutenak. Euskadin, positiboen %50an etxean gaixotu zen, Osasun Sailak Legebiltzarrean eskainitako datuen arabera.

Baina, praktikan, neurriak malgutzen dituzte. Epidemiologikoki, ez dauka ez hanka ez bururik salbuespen bat egitea abenduaren 24an eta ez abenduaren 23an. Edo familia bilera baterako bidaia egiteko baimena ematea -aiton-amonak eta guzti- eta ez bakar-bakarrik mendi turismoa egiteko, adibidez.

Udan azkarregi egin genuen prozesua, esan digutenez. Oraingo honetan ez dakit akats berdina egiteko arriskuan gauden. Gainera, Gabonetan udan mahai gainean ez zeuden faktore batzuk agertzen dira. Bat, bilerak leku itxietan egiten dira. Bi, bilera gehiago egiten dira denbora tarte txiki batean. Eta, hiru, Gotzone Sagardui sailburuak esaten duenez, txertoa badatorrela jakinda, beharbada, pandemiari beldurra galtzen zaio.

Pandemia honetan -behintzat maiatzatik hona- gehiegi hitz egin da terrazei buruz, ostalaritzari buruz, mugikortasunari buruz eta, orain, Gabonei buruz. Eta beharbada gutxiegi ZIUen egoerari buruz, hildakoei buruz edo egoitzei buruz. 2020a, 1975az geroztik, heriotza-tasa altuena izan duen urtea izan da. Izaten ari da, hildakoen zerrenda amaitu ez delako.

elDiario.es-ek argitaratu duenez, afari arrunt batean, etxean, mahai-inguruan egonda eta leihoak itxita edukita, geroz eta jende gehiago bildu geroz eta arrisku gehiago. Demagun positibo bat dagoela jangelan. Lau pertsoneko bilera bada, maskarak kenduta, 18 minutuko segurtasun tartea dago. Sei pertsonekin, 13 minutu. 10 pertsonekin, 9 minutu.

Etiquetas
stats