Has elegido la edición de . Verás las noticias de esta portada en el módulo de ediciones locales de la home de elDiario.es.

Euskal kulturaren plazaren ateak ikasleentzat zabaldu dira gaur

Durangoko azoka ikaslez bete da ateak zabaldu bezain pronto. /G. A.

Gorka Ascorbebeitia

Durango —

Heldu da jadanik euskal kulturaren erakusleihorik garrantzitsuenaren asteburua. Gaurtik hasita eta hurrengo igandera arte aurtengo Durangoko Azokaren, kulturaren plazaren, ateak zabalik egongo dira hurbiltzen diren bisitari guztientzat. Goizeko 10:30etan sartu dira lehengo zaleak gune nagusira, argitaletxe eta diskografikek beren salmenta postuak ipini dituzten txokora. Gaur ikasleen eguna izanik, gazteak izan dira nagusi Azokaren lehen orduetan.

Gerediaga elkarteari, Azokaren antolatzaileei, 40 ikastetxek eman diote aurrez izena, baina 22rentzat bakarrik zegoen tokia. Azkenean gaur eskola horietako 1.000 ikasle baino gehiago etorriko dira antolakuntzak dioenez. Hala ere, kulturaren plazaren ateak jende guztiarentzat egongo dira zabalik gaur ere eta horregatik pertsona gehiago hurreratuko direla uste dute. Durangoko kaleen itxura ikusita Azokaren lehen azterketa gaindituta dagoela esan liteke, goizeko lehen ordutik aurrera gaztez beteta egon dira alde zaharreko bazter guztiak eta.

Aurten, Kulturaren plaza herri guztian zehar sakabanatuta egongo da. Irudienea, ikus-entzunezko plaza, Zugaza zinemara eraman dute Ahotsenea, sortzaileen plaza, beste karpa batean kokatuta dago eta Szenatokia, arte eszenikoen plaza, San Agustin kultur gunean izango du bere tokia. Azoka zabaldu bezain pronto Ahotseneako ekitaldiak ere hasi dira. 10:30etatik 11:00ra bitartean aurkezpen bat egin dute antolakuntzako arduradunek baina 11:00etan lehen sortzaileen hitzaldi eta emanaldien txanda heldu da. EH-Sukarra taldea izan da gaurko lehenengokoa eta ikasle ugari hurbildu dira karpara eibartarren musika eta hitzak entzutera.

Asteburu guztiaren egitaraua Durangoko Azokaren webgunean irakur daiteke.

Etiquetas
stats