Viento del Norte es el contenedor de opinión de elDiario.es/Euskadi. En este espacio caben las opiniones y noticias de todos los ángulos y prismas de una sociedad compleja e interesante. Opinión, bien diferenciada de la información, para conocer las claves de un presente que está en continuo cambio.
'Hitzekin'. Denok euskara doan
“Hitzekin” izan zen 22. Korrikaren leloa: hitza eta ekintza. Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Ekiteko ordua zela aldarrikatu nahi izan genuen; orain dela unea: euskara, hitzetik ekintzara. Aldekotasunetik konpromisora jo behar da, eta konpromisotik eragitera, erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzaten jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko.
Hori dela eta, Korrikaren ingurumarian, esate baterako, dinamika bat abian jarri genuen doako ezagutzaren unibertsalizazioaren beharra ere jorratzeko. Gakoa oso argia da: euskara ikasi nahi duten herritarrek dohainik jarduteko parada izatea.
Azken batean, Euskal Herrian euskaraz biziko bagara, giltza izango da helduen artean euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea, baita euskaltegietan zerbitzua doan jaso ahal izatea ere.
Berdintasunaren eta kohesioaren izenean, jendarteak euskal hiztun berriak behar ditu, eta justiziazkoa da euskara doan ezagutzeko eskubidea errealitate bihurtzea
Zenbait ekimen proposatu ditugu dinamika abiatzearekin batera, helburua bistaratzeko, eta, era berean, aurrerapausoak emateko eta erdiesteko. Batetik, lan-munduan, “Denok euskara doan. Langileok prest” izenekoa: AEK-KORRIKAtik elkarlan-bide bat landu dugu ELA nahiz LAB sindikatuekin, eta heldu den ikasturterako doako ikastaro laburrak antolatuko ditugu, hainbat lantokitan prest dauden langile-taldeekin. Berez, urtero eta Euskal Herriko lantoki askotan ezaguna den dinamika biderkatu nahi dugu ekimen horren bidez. Edonola ere, gehiagorengana iritsi nahi dugu eta, batez ere, dinamikaren xedea bistaratzea da asmoa, ekintza praktiko horien bidez. Aurkezpenean langileek eurek adierazi zutenez, euskararen normalizazioa garatzeko ezinbesteko esparrua da lan-mundua, eta berau euskalduntzeko urrats zehatzak aldarrikatu zituzten: “Behar-beharrezkoa da langile guztiei euskara ezagutzeko bideak zabaltzea, horretarako denbora ziurtatzea eta zerbitzu hori doakoa izatea”
Bestalde, Donibane Garaziko adierazpena ere ezagutzera eman genuen. AEK ez ezik, beste euskaltegi askoren ordezkariak daude agiri horren atzean; hauek dira adierazpenaren sinatzaileak: BATUZ Euskaltegi Elkartea (Altza-Urumea, Ulibarri, Urrats, Ilazki, Hitzez, Legazpi6, Herri Jakintza eta Udaberria), AEK, Juan Mateo Zabala euskaltegia, Gabriel Aresti euskaltegia, Errioxako IKA, Bai&by, Gotzon Garitanoaindia euskaltegia, HEGOALDE euskaltegia, Bilbo Zaharra euskaltegia eta Maizpide.
Adierazpen horren bitartez, Euskal Herriko administrazio nagusiei dei egiten zaie, bertan hauxe jasota: “Unea da euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion neurriak hartzeko. Proposamen eta bide ezberdinak ezagutzen ditugu. Elkar gaitezen eta osa dezagun, elkarlanean, eta berandu baino lehen, guztiok doan ikasteko bide-orria”.
Egun hauetan, hain zuzen ere, bilera bana egingo dugu lurralde administratibo bakoitzeko erakundeekin (Ipar Euskal Herria, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa), proposamen horri heltzeko.
Berdintasunaren eta kohesioaren izenean, jendarteak euskal hiztun berriak behar ditu, eta justiziazkoa da euskara doan ezagutzeko eskubidea errealitate bihurtzea.
Sobre este blog
Viento del Norte es el contenedor de opinión de elDiario.es/Euskadi. En este espacio caben las opiniones y noticias de todos los ángulos y prismas de una sociedad compleja e interesante. Opinión, bien diferenciada de la información, para conocer las claves de un presente que está en continuo cambio.
0