“Eskolak hiztunen maila ziurtatu du, baina ikasleek atsedenaldietan ez dute euskara erabiltzen”
Jon Kortazar (Mundaka, 1955), euskal literaturan aditua, katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU). Eldiarionorte.es egunkariaren gonbidapena onartu du Euskararen Egunean hizkuntzaren egoerari buruzko hausnarketa bat partekatzeko. Aste honetan, Gabriel Aresti handiaren idazki ezezagunak jasotzen duen liburu bat aurkeztu du Kortazarrek. Aresti Federico García Lorca edo Miguel Hernándezen parean dagoela azpimarratzen du adituak eta euskararen alde egin zuen lan “sutsua” txalotzen du. Aresti euskara batuaren aitzindaria izan zen, gaur osasun akademiko eta literario ona eta babes juridiko handia daukan hizkuntzarena, alegia.
Abenduaren 3a Euskararen Eguna dugu. Zer dago ospatzeko eta zer kezkatzeko?
Ospatzeko dago egin dugun ahalegina azken urteotan eta kezkatzekoa da, betiko moduan, oraindik etorkizuna oso zabala dugula gure aurrean.
Geroz eta hiztun gehiago dauka euskarak baina erronka erabilera handitzea da oraindik.
Bai. Garbi dagoena da lortu dugula, beharbada eskolari esker, neurri batean hiztunen maila ziurtatzea. Baina ikasle horiekin beraiekin gero atsedenaldietan gertatzen dena ezin dugu ondo neurtu. Egia da hiztun nominalen aldetik aurreratu dugula, baina munduan sare asko zabaldu dira eta sare guzti horietan ez dago euskara.
Hezkuntza aipatu duzu. Eskola publikoak ingelesa irakasteko apustua egin du. Hirugarren hizkuntza bat sartzeak euskararen garapena galaraziko du?
A ver… [gazteleraz] Hori esaten duenak batez ere kontuan hartzen du kantitatea. Baina ordu gutxiago edo gehiago izango omen ote duen euskara ez da eztabaida, kalitatea baizkik. Elebitasuna [euskara-gaztelera] defendatzen badugu hiru eledun pertsonak [euskara-gaztelera-ingelesa] defenditu beharko ditugu arrazoi berberekin. Neurologiaren aldetik daukan onurak berdinak dira. Gainera, lan egiteko moduak aldatuko dira eta kulturari zabalik egoteko aukera izango du [etorkizuneko ikasleak] hiru eleduna izanez.
Euskalduntzea posiblea izango da ingelesari protagonismo handiagoa emanez?
Zergatik ez? Nik ez dut uste gauza batek kaltea ekarriko dionik besteari.
Osasun ona al dauka euskarak literaturan, zineman, komunikabideetan edo Interneten, Kulturan, alegia?
Nik guzti horiek ez ditut ondo ezagutzen. Batez ere literaturaren mundua ezagutzen dut eta bere argi-ilunekin argi dagoena da euskararen egoera ikaragarri aurreratu dugula. Egile-irakurlearen arteko komunikazioa erraztu egin da hein batean. Baina nik Interneten, Youtuben, adibidez, zer nolako euskara erabiltzen den ez dakit.
Aipatu duzu atsedenaldietan ikasleek ez dutela euskara erabiltzen.
Fakultate batean nago eta irakasleak hezitzen ditugu. Eta egia da kezkagarria dela atsedenaldietan ikasleek erabiltzen duten euskara urria. Hori horrela da.
Eta kalitate aldetik, etorkizuneko irakasle horiek euskara ona erabiltzen dute?
Bai, bai. Baina egia da diferentzia bat dagoela etxean euskara egiten dutenen eta egiten ez dutenen artean. Etxean eta kalean era arrunt batean euskara hitz egiten duenak ez dauka bat ere problemarik hizkuntza akademikoa erabiltzeko. Euskara ikasia eta ez askorik erabilia egiten badute, orduan arriskuak daude eta kalitatea eskasagoa da.
Gabriel Arestiren lana aztertu egin duzu. Arestik euskara batuaren defentsa sutsua egin zuen. Batasun honengatik ez balitz, euskara hilda egongo litzateke?
Bueno, nik uste dut gauza asko direla, ez euskara batua bakarrik. Tresna linguistikoa hortxe dago: nazio bat, hizkuntza bat. Nazioak behar du bere hizkuntza batua. Ideia hori garbi dago. Baina ez dut uste hori bakarrik dagoenik. Euskara batua bat izan arren, 1968tik gaur eguneraino diferentziak daude. Ez da bakarrik tresna linguistiko baten arazoa, arrazoi sozioekonomikoak oso inportanteak dira ere. Eta garbi dagoena da eskola propio batek ematen dituela abantaila ederrak hizkuntza bat mantentzeko.
Kanpotar eta erdaldun askok diote euskara hizkuntza zaila dela ikasteko. Ingelesa edo alemaniera baino zailagoa da?
Alemaniera ere dirudienez osa zaila da… Euskara zaila? Itxuran behintzat oso diferentea da eta beste ohitura linguistiko batzuk hartzera behartzen duen hizkuntza bat da.
Horrek eragozten al du euskararen arrakasta?
Ziurrenik bai. Hurbiltasuna egongo balitz [gaztelaniarekiko], horrek abantailak emango lituzke hizkuntza ikasteko. Cervantesen garaian, adibidez, ez zegoen horrelako diferentzia handirik gaztelera eta katalaneraren artean. Gaur egun oso kontziente gara zer diferentzia dagoen hizkuntza batetik bestera, baina gaztelera eta katalaneran diferentziak badira ere, hurbiltasunak ere bai. Hizkuntza erromanikoak dira eta familia berekoak. Hemen familiak pixka bat urrunduta daude eta orduan zailtasunak daude. Errazagoa balitz, errazago ikasiko litzateke. Hori horrela da.
Espainia herrialde eleanitza da. Frantzia, Belgika, Kanada edo Suitzarekin alderatuz, gehiago ala gutxiago bermatzen du Espainiak herritar elebidunen eskubideak?
Ez da bakarrik eleanitza izan ala ez izan. Gakoa da zer babes juridiko eta politikoa ematen zaion hizkuntza bati. Eta nik pentsatzen dut euskararen babes juridiko eta politikoa ona dela. Frantzian, adibidez, egoera desberdina da nahiz eta estatu eleanitza izan ere. Han hizkuntzaren eskubide batzuk eta, beraz, hiztunen eskubideak ez dira bermatzen. Euskararen egitura juridiko, politiko eta neurri batean ekonomikoa ez dut uste txarra denik. Iparraldean ikusi beharko dugu zer aldaketa politiko izango den.