Diktadura frankistak zigortutako udal langileen birgaitze ofiziala bozkatuko du gaur Bilbok
Diktadura frankistaren garaian, gerra zibila amaitu berri zegoenean, hainbat eta hainbat hildako, desagertu eta atxilotu egon ziren Franco-ren aurka borrokatu zutenen artean. Lehen mailako errepresaliatu hauetaz aparte beste motatako kaltetu batzuk ere egon ziren. Bilbon, adibidez, udaletxeko funtzionarioen gehiengoa langabe utzi zuten eta beste hainbati soldata gabeko zigorra ezarri zieten.
Guda baten ondoren, goseteak gogorren jotzen zuenean, kalean edota diru sarrera gabe gelditzea ez da zigor makala ere. Gaurko osoko bilkuran Bilbok udal langile hauen birgaitze ofiziala bozkatuko du Bildu taldearen proposamen bati erantzunez.
“Errepresaliatuak izan ziren bilboko udal langileak omendu egin behar ditugula uste dugu guk”, azaldu du Txema Azkuenagak, talde abertzalearen bozeramaileak. Birgaitzeaz aparte, Bilduk errepresaliatutako udal langileak omentzeko ekitaldi ofizial bat egitea ere proposatzen du. “Ekitaldi honetan parte hartzera gaurko bilbotarrei deitzea komenigarria dela uste dugu”, gaineratu du Azkuenagak.
Orduko erregimenaren aldeko egunkariak, ‘La Gaceta del Norte’-k, esan zuenez, bere 1937ko azaroaren 23ko alean, bilboko udal langileen %77ak mota bateko edo besteko errepresaliak jasan zituen. 1.684 langileetatik, 982 kaleratu egin zituzten, pertsonalaren %58a hain zuzen ere, eta beste 319ri, langileen %19 a, enplegu zein soldatarik gabeko zigorra ezarri zioten. 387 langile libratu ziren bakarrik zigorren bat jasatetik.
Proposamen hau aurrera ateratzeko, Bilduk EAJ-ren babesa behar du nahitaez, baina izango dutelakoan daude. “Aurkitu dugu jeltzaleen artean be bai sentsibilitate berezi bat”, adierazi du Txema Azkuenagak. “Guk uste dugu batera urratsak emango ditugula eta euren omenezko ekitaldi bat egingo dela, beharbada ez momentu honetan baina zerbait egingo da”, gehitu du. Bilboko udaletxean gehiengo absolutua duten arren, EAJ taldeak ez du bere jarrera aurreratu nahi izan gaurko osoko bilkura baino lehen.