Has elegido la edición de . Verás las noticias de esta portada en el módulo de ediciones locales de la home de elDiario.es.
La portada de mañana
Acceder
EEUU amplía su despliegue en la región y juega con una posible invasión de Irán
El investigador de la caja B del PP desmonta la coartada de los acusados en Kitchen
OPINIÓN | Raquel Marcos: 'Del país de los propietarios al de los especuladores'

Polemikez haratago euskara lehen lerroan egotea eta “guztiok euskararen bueltan batzea” eskatu du AEKk

Milaka pertsona Bilboko Udalean, 24. Korrikaren helmugan EFE/Miguel Toña

Maialen Ferreira

Bilbao —

0

Korrikaren ekimena bukatu da eta 12. egunean Korrikaren koordinatzaileak, Ane Elordik, igandeko parte-hartze masiboa eskertu du baina benetako konpromisoa eskatu die euskaldun eta euskaltzaleei. “Korrikan parte hartu duten eragile guztiei konpromisoa eskatzen diegu, ekiteko engaiamendua. Lan horretan, besteak beste, ezinbestekoa da ordezkari politikoen ardura, haien babes juridiko eta politikoa. Askok eraman dute lekukoa Korrikan, baina ekintza sinboliko horretatik haragoko konpromisoa eskatzen diegu hemendik: Korrikaren harira egindako adierazpen ederrak ekimen bihur ditzatela, benetan susta dezaten Euskal Herri euskalduna”, adierazi du.

“Eskerrak eman nahi diogu Euskal Herriari, izugarria izan da izan dugun babesa, beste behin adierazi dugu euskara garela eta masiboa izan da parte-hartzea Korrikan. Orain, 12. egunean jarri dugu begirada eta horra goaz. Atzo mugarria izan zen Bilbo euskaldun eta euskaltzalez betetzea, baina hemendik aurrerako lanketak ere askotarikoak izan behar direla argi daukagu, eta horretan jarriko dugu fokoa. Gure hizkuntz eskakizuna Euskal Herri euskalduna eta horretara begira jarriko gara. Hortik dator 12. egunaren lanketa ere bai, behin Bilbora heltzen garela eta indar guzti horiek zelan kanalizatu. Agerikoa da badagoela herri gogo bat euskararen alde egiteko eta orain erronka da nola asmatu guzti hori kanalizatzen eta Euskal Herri euskalduna lortzen”, esan du Elordik, igandean plazaratutako mezu bat errepikatuz: “Gure gutxieneko hizkuntza eskakizuna Euskal Herri euskalduna da”.

Zentzu horretan, Elordik aipatu du mezua ere gaztelaniaz eta frantsesez adierazi zutela Korrikaren amaierako ekitaldian, AEKko ateak eurentzat ere irekita daudela adierazteko. “Asko dira Korrikara hurbiltzen direnak, batzuk euskaldun beste batzuk euskaltzale eta guretzat garrantzitsua da Korrikara hurbildu bai, baina hurrengo pausoa ematea eta euskarara erakartzea. Hortik dator Apirilaren 22an egingo dugun 'Eskola doan' ekimena. Guk euskara denon esku jarri nahi dugu, aukera eman ezagutzen ez dutenei eta euskaltegiak zabaldu gerturatu daitezen. Ondoren, Maiatzaren 21ean mintzodromoak antolatu dira euskara izan bai baina praktikatzeko aukera ere ematea badelako. Horretan dihardugu”, iragarri du.

Aurten lehen aldia izan da lekukoak eraman duen mezu sekretuaren sorrera konpartitua izan dena. Izan ere, Oihana Arana Cardenal, Leire Casamajou Elkegarai, Elene Mengyu Larrinaga Bilbao, Oier Iñurrieta Garmendia, Aitzol Gil de San Vicente Pla, Xalbat Alzugarai Etxeberri eta Beñat Jusue Rosanoren artean sortu dute, zazpi probintzietako zazpi gazte ezberdin. “Guretzat garrantzitsua izan da prozesua bera. Orain arte norbanako bati egiten zitzaion enkargua eta uste dugu pizkunde bati begira ari bagara belaunaldi gazteei eman behar zaiela hitza. Euskara gara guztiok. Askotan esaten da gazteek ez dutela euskaraz egiten, zama hori ezarri egiten zaie. Haien hitzak ekarri ditugu oholtzara oraingoan eta garrantzitsua da gazteek haiek pentsatzen dutena sentitzen dutela eta euskara nola bizi duten adieraztea”, adierazi du Elordik.

Hala ere, Aitor Esteban EAJko EBBren presidentea mezua sortu eta irakurri zuten zazpi gaztek “EH Bilduren munduari lotuta” daudela kritikatu du. “Harritu egin ninduen Korrikaren azken mezua sigla batzuekin oso lotuta dauden zazpi gaztek egin izanak. EH Bilduren munduari lotuta daude, eta ez dira izan gure herriaren aniztasuna ordezkatzen duten zazpi gazte. Harritu egin ninduen, erakundeak berak adierazten dituen nahien kontra doalako, hein batean”, aipatu du Estebanek, Radio Euskadirako elkarrizketa batean non ere azpimarratu du “euskarak polemiketatik kanpo” egon behar dela, “konfrontazioetatik kanpo, benetan etorkizuna izan dezan nahi badugu”.

Horri erantzunez, Korrikako koordinatzaile Ane Elordik nabarmendu du “AEK-k ez dituela mezu egileak botoa zein alderdiri ematen diotenaren arabera hautatzen, euskararen alde egiten duten lanagatik baizik”. “Guk deitu diegunean euskararen alde egiten duten lan hori aitortzeko eta horretan jarduteko egin dugu, ez besterik. Guztiok euskararen bueltan batzea nahiko nuke. Badakigu euskararen auzia lehen lerrora ekarri beharra dagoela eta horretan elkarrekin lan egin behar dugula”, esan du.

Beste behin, ETAko presoen argazkien polemikari buruz galdetuta, Elordik azaldu du lekuko eramaile guztiei zenbait ohar ematen dizkietela. “Eragileak lekukoa eskuratzera etortzen direnean guk hainbat ohar banatzen ditugu, jakinarazpenak egiten dira, zer nolako jarraibideak egin behar dituzten eta bultzatzen duguna da aldarria izatea lehenengoa, hortik aurrera norbanakoek hartzen dituzten hautuen gainean guk ezer gutxi dugu esateko. Interesen arabera fokoa non jarri nahi den da gakoa eta guk 'Euskara gara' erdigunera ekarri dugu, helduen euskalduntzearen garrantzia eta uste dut Euskal Herriak oso ondo erantzun duela eta euskara garela erakutsi dugula herriz herri”, adierazi du, bukatzeko.

AEKko kideek nabarmendu dute 24.a 'Pizkundearen Korrika' izan dela, Pizkunde berri baterako lehen txinparta. Horixe islatu nahi izan du AEKk Korrikaren mezua Euskal Herriko zazpi gazteren esku utzita. Alta, gazteok ez dituzte ausaz aukeratu: guztiak euskara dira gaur egun, nahiz eta hainbat bide ibili dituzten horra heltzeko ez baitute hizkuntza modu berean jaso. Hori bai, euskararen etorkizuna jokoan dagoen honetan, ezinbestekoa denean guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, zazpi mezugileek argi dute euren engaiamendua, eta horrexegatik dira euskararen Pizkunde berri baten lehen txinpartaren isla. Hala, euskara Pizkunde berri batera eramateko deia egin du 24. Korrikak, gazteak lehen lerrora ekarrita, gaurko agerraldian gertatu den moduan. Izan ere, haien esku-hartzea ezinbestekoa da azken helburura heltzeko: “Euskal Herri Euskalduna, horixe da gure gutxieneko hizkuntza-eskakizuna”. Horrekin batera, Elordik esan du “honek Ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxara begira jarri gaitu; Iruñean egingo da, euskaltzaletasuna elikatzeko orduan herritar bakoitzaren ekarpena ezinbestekoa dela adierazteko asmoz”.

Etiquetas
stats