Errepublikanismoa Gipuzkoan II. Errepublika baino lehen
Gipuzkoan errepublikanismoak 1868 eta 1923 bitartean izan zuen bilakaera politiko nagusia. Mugarri hauek, arrazoi zehatz batengatik aukeratu ditu Unai Belaustegik bere liburua idazteko. Historia Garaikidean doktoreak data zehatz honetan ‘Errepublikanismoa Gipuzkoan (1868-1923)’ bere liburu berria aurkeztu du, Euskal Herriko Unibertsitatean egindako tesian oinarrituta. Errepublikanismoa Espainian lehendabiziko aldiz modu antolatuan 1868an egin zen publiko. 1923an berriz, Primo de Riveraren diktadurak errepublikanoen edozein aldarrikapen publiko debekatu zituen, loaldi politikora baztertuz. Liburu hau euskaraz errepublikanismoari buruz idatzi den lehendabiziko liburua da, idazlearen ustetan “euskarak behar du holako liburu historiko eta zientifikoak, euskara eta kultura aberasteko bide bat badelako”.
Belaustegik helburu zehatz bati jarraikiz eman zion hasiera ibiliari, Gipuzkoan nahiz Euskal Herri mailan sortu den hutsune historiografikoa betetzea. Espainian kultura politiko errepublikanoari buruz gero eta ikerketa gehiago burutzen ari badira ere, hemen oraindik asko falta da egiteko. Hori dela eta, liburuarekin nolabait, etorkizuneko lanen oinarri izan daitekeen informazioa zabaldu nahi izan du. Ezin ahaztu daiteke gainera, hainbeste eztabaida sortzen dituen II. Errepublikari buruz gehiago jakiteko, ezinbestekoa dela 1931 aurretik errepublikanoek eta gainontzeko korronte politikoek egin zuten bidea ongi ezagutzea.
Historialariaren ustez Gipuzkoan gertatu diren hito errepublikano ezberdinak eta kontuan edukita oso gertu egonda ere, historialariek oso garrantzi gutxi eman diete kultura politiko errepublikanoari. Alde batetik, II. Errepublikaren ostean eta batez ere Gerra Zibila amaitu zenean frankismoa eta diktadurak, errepublikanismoaren eta errepublikanoen aurka egindako jazarpenak erabat desagertarazi egin zuituzten. Hemen zeudenak ez ziren errepublikano bezala aldarrikatu eta kanpoan zegoenak ez zuen nahiko indar errepublikanismoa bizirik irauteko. Eta ondoren, diktadura amaitu zenean, berrezarkuntza garaian ez zen egon errepublikanismoa aldarrikatzeko mugimendu politiko edo sozial indartsu bat, nolabait testuingurua kontutan hartura erregea edo monarkia onartu nahi izan zuten trantsizioari aurre egiteko. Orduan errepublikaren aldeko aldarririk trantsizio garaian ere ez zen egon. Badela gutxi arte errepublikaren aldeko mugimendu sozial eta politikoak ahulak izan dira.
Gipuzkoa eta Euskal Herria konparatzen baditugu desberdintasunak ez dira oso handiak liburuan aipatzen den garaian. Euskadi eta Nafarroa kontuan hartuta errepublikanismoa antzekoa izan zen leku guztietan, gero adibidez Bizkaikoa apur bat sozialismoarekin egon zen, batez ere Bilboko eragina zeukalako. Arabakoa eta Nafarroakoa kontserbadoreagoa izan zen. Baina orokorrean Euskadi eta Nafarroan ez zen hain ezberdina izan. Beste alde batetik, Espainiako gainontzeko lekuekin konparatuta, antzekotasun handiak ditu, antolakuntzari dagokionari eta ideia politiko gehientsuenetan ere antzekotasunak ditu. Estatutik zetozen korronte errepublikanoek hemen ere eragin handia zeukatelako. Baina ezberdintasun garrantzitsu bat dago, bai Gipuzkoan bai Euskal Herrian Espainiarekin konparatuta, eta foruzaletsuna da. Hemen errepublikanoek euren foruak edo eskubide historikoetan oinarritutako garai hauetako eskubideak aldarrikatuko dituzte. Eta horrek errepublikanismoa nolabait ezberdina egingo du estatukoarekin konparatuta.
Hito garrantzitsuenak Gipuzkoan
Unai Belaustegik esplikatzen du liburuan gertaera garrantzitsuenak dira kapituluak edota etapak markatu dituztenak. Lehengoa sorrera da, 1868an ipini dute hasiera, Espainian La Gloriosa iraultza gertatu zelako, Isabel bigarrena kanporatu zuten Espainiatik, orduan monarkia kanporatzerakoan atera ziren lehendabiziko talde errepublikano antolatuak. Espainia mailan historian lehendabiziko taldeak agertzen dira eta Euskadin ere. Lehenak Tolosan aurkitu dituzte 1868ko azaroaren bueltan. XIX. mendearen amaierara arte gorabehera asko egongo dira. Hor bigarren karlistada garaian errepublikanoen artean zatiketak egongo dira eta berrezarkuntzan errepublikanismoa jaitsi egingo da. 1885ean beste hito garrantzitsu bat egongo da, ‘La Voz de Gipuzkoa’ egunkariaren agerpena. Donostian errepublikanoek kaleratu zuten egunkaria. Eta honek markatu zuen bai Gipuzkoako politikagintzan eta bai errepublikanoen artean ere nolabait hito garrantzitsu bat. Egunkari hau probintziako egunkaririk salduenetarikoa izan zen. Eta egunkariarekin batera partidu errepublikano pila bat atera ziren. Eta errepublikanoen artean aberastasun ikaragarria egon zen. Hau errepublikanismoaren urrezko aroa izan zen.
Mendearen amaieran krisia egongo da eta errepublikanismoa jaitsi egingo da, taldeak desagertuko dira eta talde gutxi geratuko dira. XX. mendearen hasieran berriro, 1903tik 1907ra, alde batetik Espainiatik zetorren errepublikanismoari helduko zaio, alegia korronte errepublikano ezberdinak batzen hasiko dira, eta errepublikanismoa oso indartsu egingo da garai horretan. Eta beste alde batetik, hor Gipuzkoan sortuko da ‘Liga Foral’ deitzen dena, foruen alde antolatu zen korronte ezberdinen arteko liga bat, estatua presionatzeko sortu zen. Kontzertu ekonomikoa negoziatzeko orduan, hemengo probintzien autonomia handitzeko liga bat zen eta errepublikanoek hor parte hartu zuten. Hortik aurrera errepublikanismoa gainbehera joango da, gero sozialistekin akordioak lortzen saiatuko dira, leku batzuetan lortuko dute beste batzuetan ez, eta 1923ra iristen ari garen heinean errepublikanismoa berriro jaisten joango da, krisian sartuko da eta taldeak desagertuko egingo dira. Azkenik, Primo de Riveraren diktadura aldarrikatuko da eta errepublikanismoa loaldian geratuko da, 1931ra arte, II. Errepublika iristen denean.